2024ko Punto de Vista jaialdiaren irekiera ekitaldia iluntzean egingo dute Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz filmaren estreinaldiarekin. Hala ere, dagoeneko sari nagusia irabazteko hautagai diren lehen lau filmak pantailaratu dituzte: Inde Ved Siden Af (Maia Torp Neergaard), La suite canadienne (Olivier Godin), Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth (Maya Abdul-Malak) eta Ôte-toi de mon soleil (Messaline Raverdy).

18. punto de vista-1-2-programak-zinea

‘Inde Ved Siden Af’ (Maia Torp Neergaard)

Aniztasunaren aldeko mezu indartsu batekin abiatu da 18. Punto de Vista jaialdiko lehiaketa ofiziala. Kopenhagen kokatutako Tingbjerg auzoaren erretratu koloretsu bezain irekia ondu du Maia Torp Neergaard danimarkarrak Inde Ved Siden Af film laburrean, bertako bizilagunak elkarrizketatuz. Horien ahotsak entzungo ditugu soilik, ez baitira pantailan agertuko, baina erraz hautemango dugu ez direla bertan jaioak. Itxaropena eta etsipena, prekarietatea eta eusteko grina ez dira soilik hitzen biez erakutsiko, baizik eta forma bisualetan ere izango dute oihartzuna.

Irudiaren pitzadurak eta arrakalak nabarmendu egingo dira, 16 mm-tan filmatutako hartualdi inperfektuen erakusle. Bada, arrazakeria, migrazioa eta integrazioa dira Inde Ved Siden Af filmak jorratuko dituenak, eta komunitatea osatzen duten kideen hausnarketa zintzoak ditu lotune. Zer da auzo bat bere bizilagunik gabe? Nork du auzotar izateko eskubidea? Torp Neergardek elkarbizitzarako espazioen indarrean sinisten du, denentzako tokia dagoela gogoraraziz. Hala, komunitatean sartu eta parte izateko arazo eta zailtasunak publiko egin behar direla diosku, denon ardura baita ongizate soziala bermatzea.

Aldiz, sortze prozesua da La suite canadienne ez-fikziozko lanak muinean aztergai izango duen auzia. Nola berrinterpretatu daiteke iraganeko obra bat? Posible al da jatorrizko proiektua bere horretan berreskuratzea? Zein harreman du obra orok bere inguruarekin? Olivier Godin quebectarrak Adam Kinner koreografo eta saxofoi-jotzailea buru duen dantza-talde baten kezkei segika jardungo du erantzun argirik gabeko galderok izan ditzaketen interpretazioei lehentasuna emanez.

1958an Ludmilla Chiriaeffek ondutako Suite canadienne balletaren bertsio berria entseatzen ari direnen jardunean sartuz, berau eguneratzeko hartu beharreko erabaki estetiko, politiko eta kulturalak erakutsiko dizkigu zinemagileak. Izaera auto-kontziente bikoitza duen filma da La suite canadienne, balletaren beraren eraikuntzaz gain filmaren egituraketa ere ikusgai bilakatzen duelako. Paraleloki garatuko diren bi prozesu izanik, sorkuntza artistikoaren praktikei buruzko saiakera filmiko hau uneoro joango da birsortzen, mutatzen, deseraikitzen, fintzen.

Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth-zinea

‘Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth’ (Maya Abdul-Malak)

Bere aldetik, Maya Abdul-Malak zinemagile libiarrak jaioterriaren bihotzera egin du bidaia Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth lanean. Batzuen zein besteen ahotsak, bonbardaketetan hildakoak gogorarazten eta omentzen dituztenenak, sarraskietatik bizirik irten direnen arrangurak. Gorputzei lotuta ez dauden hitzek Beirut erraustutik egingo dute ibilaldia, hiria jada ez baita noizbait izan zena.

Gerrak kiskalitako kaleak, hildakoen erretratuak, amets hautsiak eta bizirautearen zama ezagutuko ditugu, baina hiriko eraikin desitxuratuek itsasoarekin egingo dute halako batean topo: adineko emakumeak hondartzan erretzen ikusiko ditugu, gazteak harkaitzetatik saltoka, malekoian ortzi-mugara begira daudenak… Bizilagun anonimoek desesperazioz eta amorruz hartuko dute arnas, askatasunaren bilaketa itoan.

Azkenik, garaiz kanpo, are, mundutik deskonektatua bizi den antiheroi bakarti eta melankoliako baten ezohiko egunerokora hurbilduko gaitu Ôte-toi de mon soleil-k. Kaosean eta desordenean murgilduta (edo bere ordena propioa ote da?) dagoen gizona dugu protagonista, Messaline Raverdy zinemagileak gertutik dokumentatuko duena, haren bizimodura moldatuko den proposamen bisuala eskainiz.

Era guztietako objektuak pilatuko ditu gizonak etxean, urteetan bildutakoak ere han dituelarik. Diogenes sindromearen zantzuak dituen pertsonaiaren pasio, mania eta obsesioetan barrena XX. mendearen historiarekin gurutzatuko da berarena propio, gizarte kontsumista eta kapitalistaren sugar itzalezinak bizirik dauden bitartean.