Asier Altunak zuzendutako fikziozko filmak Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreak ditu protagonista. Euskal Herriko hainbat txokotan hartuko dituzte irudiak, maiatza bukaera bitartean.

karmele errodatzen-zinea

Karmele erizain euskaldun bat da, 30eko hamarkada amaieran Frantzian erbesteratuta dagoena. Txomin ezagutzen du  bertan, tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herriaren artean, eta elkarrekin familia bat osatuko dute, elkarrenganako konplizitate osoarekin, harik eta bi aukeraren artean erabaki behar duten momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna.

Horiexek Asier Altunak eskuartean duen Karmele filmeko nondik norakoak, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriaren egokitzapena dena. Zinemagile bergararrak hasi du dagoeneko errodajea, Txintxua Films ekoiztetxearen eta Esnatzeko Ordua Films AIE-ren babespean, eta maiatza bukaerara arte hartuko ditu irudiak Euskal Herriko hainbat txokotan. Goya saridunak diren Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreek interpretatuko dituzte filmeko pertsonaia nagusiak, eta Nagore Aranburu zein Javier Barandiaranek haragituko dituzte Karmeleren gurasoak.

Lan-taldea ondoko profesionalek osatuko dute: Ander Sistiaga (produkzio zuzendaria), Javier Agirre (argazki zuzendaria), Zaloa Ziluaga (arte zuzendaria), Alazne Ameztoy (soinu arduraduna), Nerea Torrijos (jantziteria zuzendaria), Lola Lopez eta Itziar Arrieta (makillaje eta ile-apainketa arduradunak), Laurent Dufreche (muntatzailea), Aitor Etxebarria (musika konposatzailea), Felix Berges (VFX burua), Jon Serrano (efektu berezien arduraduna), Maria Rodrigo (casting zuzendaria) eta Michael Gaztambide (gidoi aholkularia).

Konpromiso politikoa daukan bikote baten istorioa

Altunak Donostia Zinemaldiak aurrenekoz antolatu zuen Financing & Tech sorkuntza-inbertsoreen biltzarrean parte hartu zuen 2022an, nazioarteko inbertitzaileen eta Espainiako ekoiztetxeen arteko topaketan, eta ZINEAri aurreratu zionez, “tropa faxistak Ondarroara heltzen direnean” abiatuko da filma.

Orain, errodajea hasi berritan, proiektuaren inguruko xehetasun gehiago argitu ditu bergararrak: “Askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula bat da. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrak. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausart eta konprometitua duena, bere ideiekiko kontsekuentea, eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena”.

Zinemaldian egoteaz gain, Santo Domingoko Dominican Global Film Festivaleko Industry-n, Buenos Aireseko Ventana Sur Market-eko Proyecta sailean, eta Canneseko Jaialdiko Best Seller to Box Office Co-production pitching session-ean ere parte hartu du proiektuak. Gainera, Gastibeltza Filmak-en kolaborazioa dauka, eta Nouvelle-Aquitaine Eskualdeak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu dute.

EiTBren partaidetza du Karmele-k, eta 2023ko bigarren balorazio-mahaian RTVEk erositako filmen artean dago ere. Aurreikusi dutenez, 2025ean estreinatuko dute zinema areto komertzialetan.