Larunbaterako hainbat saio atondu badituzte ere, azken lehiaketa eguna izan du gaur 2024ko Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiak. Ondoko filmak izan dira sail ofizialean ikusgai: El Canto de los Años Nuevos (Alexander Cabeza Trigg), La rivière (Dominique Marchais), ¿Dónde está Marie Anne? (Yaela Gottlieb) eta Silence of Reason (Kumjana Novakova).

‘La rivière’ (Dominique Marchais)
Izen bereko kantu herrikoi batetik hartu du Alexander Cabeza Trigg zinemagile eta antropologo kataluniarrak bere lan berrienaren titulua, etorkizunari abesten diona: El Canto de los Años Nuevos. Kanariar Uharteetako Gomera uhartearen historiari baino, bertako indigenei, faunari eta oro har, ekosistema naturalari eskaini dio begirada poetiko eta etnografikoa. Kobazulo ilun eta sakonen, olatuek harkaitzen kontra ateratzen duten oihuen, hostoen dantzaldien eta animalien kexen soinuak erregistratuz zein uhartean nagusi den sumendi harroaren handitasuna errespetatuz, paisaiaren higidurak harrapatu ditu sortzaileak kamerarekin. Lurrari egindako omenaldi xume honetan, denboraren joanaren aztarnak arakatu ditu, berezkoa duen sen antropologoa azaleratuz.
Bere aldetik, Frantziako Akademiak zinemagile berriak aitortzeko banatzen duen Jean Vigo sari preziatua eskuratu ostean erakutsi du Dominique Marchaisek La rivière filma. Bere lan-ildoari jarraipena emanez, gizakion esku-sartzeak ingurune naturaletan eta ekosisteman duen eragin bortitza bistaratu du, Pirinio eta Ozeano Atlantikoaren artean dauden ibaien egoera kritikoa salatuz. Ur bizi horietan dauden izokinen kopurua, presak eta gariaren lanketa aztertuko dute nekazariek, arrantzaleek zein biodibertsitatea mantendu eta hobetzeko lanean ari diren zientzialariek.
Amorru eta kezka agerikoa da denen ahotan, kontzientziaz jokatzearen beharra. Hala, dokumentalak zuzenean interpelatuko ditu politikari eta agintarien promesa ustelak, ibaia, ura, bizitza, denon ardura direla gogorarazteko. Arrisku formal deigarririk gabe, hitzari eman dio Marchaisek lehentasuna, dakitenen eta arituen obserbazioei jarraituz soilik iraul daitekeelakoan altxor preziatuaren jario kutsatua.

‘¿Dónde está Marie Anne?’ (Yaela Gottlieb)
Sei minutu eskaseko obra txiki batek ireki du 19. Punto de Vista jaialdiko azken programa, baina bortizkeriaren eta oldarraldien biktima izan zen belaunaldi oso baten testigantza hilezkorra da, zuhur atzera begiratuko duena: 1976 eta 1983 bitarteko telebista saio, publizitate iragarki, albistegi zinematografiko eta ikusizko dokumentu artxibatuen bidez, diktadura militar argentinarraren azken urteetan kokatu gaitu Yaela Gottlieb zinemagile perutarrak ¿Dónde está Marie Anne? lanean.
Irudien konfrontazio eta kateaketa biziak itsasoko olatuen burrunba askea du lagun, baina bat-batean erritmoa gelditu egingo da, eta isildu. Marie Anne Erize aktore, modelo eta militantea agertu da pantailan, garai hartan atxilotu eta desagertutako 30.000 herritarretako bat. Erizez ezagun den azken erregistro grafikoak hondartzan erakutsiko digu emakumea, eta galdera zehatza eginez egingo du irudiak beltzera. Non dago Mare Anne? Erantzunik ez dago.
Aldiz, Hanna Arent pentsalariaen ondoko aipuarekin abiatuko da 2024ko sail ofizialean ikusgai izan den azken filma: “We have to combat all impulses to mythologize the horrible”. Datorkigunaren iragarpen beldurgarria da, gizakiaren enegarren basakeriaz jabetuko baikara. Balkanetako gerra odoltsuan tortura eta bortxaketa sistematikoen biktima izan ziren emakume musulmanen lekukotzak irakurri eta entzunez oilo ipurdia jarriko zaigu, ankerkeriok gertatutako tokiak —etxebizitza partikularrak, ikastetxeak, kiroldegiak— erakutsiko zaizkigun bitartean. Izan ere, garaiko soldaduen kamerek hartutako irudi zaratatsu, erre eta distortsionatuei gainjarrita ezagutuko ditugu Silence of Reason-en modu anonimoan zerrendatuko zaizkigun aitortzak.
Gizateriaren aurkako krimenen salaketa gordina eraiki du Kumjana Novakova zinemagileak. Ikerketa forentse eta analitikoaren forma hartuko duen saiakera bisuala da, bideoartearen lengoaiari tiraka ondutakoa. Hotzikarak eragiteko moduko memoria ariketa mingarria.