Festibal ez lehiakorra maiatzaren 2tik 5era bitartean gauzatuko da, Baionako L’Atalante zinema gelan, eta bertan ikusgai izango dira Negu Hurbilak (2023), Artzain soil (2023), Samsara (2023) eta Zinzindurrunkarratz (2023) filmak. Bestetik, Irango zinemagintzari tarte berezia egingo diote.

rencontres sur les docs 2024-zinea

Bi hamarkada beteko ditu aurten Baionako Rencontres sur les docks festibal ez lehiakorrak, eta ospatzeko, edizio berezia prestatu dute antolatzaileek. Maiatzaren 2tik 5era bitartean egingo da, L’Atalante zinema gelan, eta urtero legez, euskal zinemari eskainitako fokua hartuko du, EKE Euskal Kultur Erakundearekin atonduta.

Ipar Euskal Herrian estreinaldia izango duen Negu Hurbilak (Negu Kolektiboa, 2023) lanak irekiko du festibala, maiatzaren 2an, 18:15ean, eta Ekain Albite eta Mikel Ibarguren sortzaileak bertan izango dira beren lehen film luzea aurkezten. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko kontaketa dakar, ihesaldi bat abiapuntu duena: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Egun berean, 21:00etan, Lucie Francinik eta Sabina Hourcadek zuzendutako Artzain soil (2023) lehen dokumental luzea egongo da ikusgai, elikadura, lurraren jabegoa bezalako gaiak lantzen dituena: hurrengo neguan Maina ez da gehiago artzain soil izango. Akabo bere bizimodu ibiltaria, etengabean bizitoki berri bat bilatzea, bere lurrak nahi bezala kudeatzearen ezintasuna. Maina instalatzen da, bere lurraldean sustraitzeko asmoz eta berak nahi laborantza mota eramateko prest. Ideiak argi baditu ere, instalazioan zehar hainbat sorpresa suertatuko zaizkio.

Maiatzaren 3an, 20:45ean, heriotzari buruzko hausnarketa proposatzen duen Samsara (Lois Patiño, 2023) pantailaratuko dute. Señor y Señora ekoiztetxe gipuzkoarraren proiektua da, Xabier Erkizia sortzaile eta soinu-teknikari lesakarrak eraikitako soinu-paisaia txundigarria duena. Filma aurkeztera Garbiñe Ortega ekoizlea gerturatuko da.

KRITIKA | SAMSARA: Zinema entzun ere egiten da

Hilaren 4an, aldiz, 18:15ean, Oskar Alegriak Zinzindurrunkarratz (2023) bere azken filmaren nondik norakoak kontatuko ditu L’Atalanten. Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa da, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.

Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu zinemagile nafarrak, soinurik gabeko irudiekin; eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da Alegria Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da.

KRITIKA | ZINZINDURRUNKARRATZ: Kamera isil baten memoria bisuala

Rencontres sur les docks festibalaren 20. edizio honetan Irango zinemagintzari eskainiko zaio ikusmira nagusia ere. Gonbidatu bereziak gerturatuko dira, eta proiektatuko dituzte, besteak beste, nazioartean oihartzuna lortu izan duten Abbas Kiarostamiren Khane-ye Doust Kodjast (Where Is the Friend’s House?, 1987) edota Vincent Paronnaudek eta Marjane Satrapik zuzendutako Persepolis (2007) animaziozko lanak.

Zinema eskaintzaz harago, musika ere ez da faltako. Interzone bikoteak (Serge Teyssot-Gay gitarra-jolea eta Khaled Aljaramani) kontzertua eskainiko du. Bestetik, STiS iS A REVOLUTiON koelktiboak ere emanaldia prestatu du hitzordurako.

Zinema Zubiak topaketa

Gainera, festibalaren baitan, Akitania Berriko, Nafarroako eta EAEko enpresen eta profesionalen arteko harremanak eta ikus-entzunezko proiektuen garapena sustatzeko eta dinamizatzeko asmoz sortutako ZINEMA ZUBIAK programaren V. topaketa egingo da, 2024ko bigarrena.

NAPAR elkarteak, IBAIA – Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak (EPE-APVrekin fusionatu ostean aurrerantzean epe-ibaia izango dena), eta ZUKUGAILUAk antolatuta, Baionako L’Atalante zinema gelan elkartuko dira jaialdiaren lehen egunean, hilaren 2an, industriako profesionalak. Topaketan, besteak beste,  HEMENDIK egonaldiaren laugarren edizioan hautatutako sei proiektuen aurkezpenak egingo dituzte.

Ezagutu 20. Rencontres sur les docks-eko egitaraua, hemen.