Bilboko BBK Aretoan aurkeztu du Diego Fandos zinemagile nafarrak 29 de febrero film laburra, Ramon Barea eta Zorion Egileor aktoreak aurrenekoz elkartuko dituena.

cartel_29 de febrero-email

Hirugarren adineko pertsonen bakardadea ardatz duen 29 de febrero film laburra aurkeztu du Diego Fandos zinemagile nafarrak bart, Bilbon. Ramon Barea -Zinemira Saria 2016ko Donostia Zinemaldian- eta Zorion Egileor -Ohorezko FANT Saria 2023an- ditu lanak aktore nagusi, pantaila berean lehenengoz elkartu direnak; bata zein bestea Maria Vallejo ekoizlearekin batera izan dira BBK Aretoan egin duten aurrestreinaldian.

400 ikus-entzule inguru bildu ditu Azaroa Films ekoiztetxearen proiektu berrienaren proiekzioak, eta tartean hainbat gonbidatu berezi ere izan dira: Nora Sarasola BBKko gizarte ekintzako zuzendaria, Koldo Bilbao BBK Kulturako zuzendaria, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusia, Ana Urrutia Ciudadanos Dignos fundazioko presidentea, Marian Gerrikabeitia Silver Film Festivaleko zuzendaria eta zinema alorreko hainbat kide.

Munduko Osasun Erakundeak “XXI. mendeko epidemia” gisa definitu duen gai potoloari buruz jardungo du 29 de febrero film laburrak: bakardadea. MOEk iragarri duenez, 2050 urtean mila milioi pertsona inguruk 70 urte baino gehiago izango dituzte, eta egoera honetan ikusiko dute bere burua. Bizkaian, adibidez, 65 urtetik gora dituzten 60.000 pertsonek dagoeneko bizi dute gaitza egun.

90 urte betetzear den Tomás da filmeko protagonista; telefono dei batek ezustean esnatu eta bere festara bertaratu ezingo dela gogoraraziko dio alabak, atzerrian bizi baita. Lagunei deika hasiko da orduan, baina konturatuko da inor gutxi gelditzen zaiola bizirik, Arturo salbu. Tomásek gorroto du Arturo, baina urtebetetze festara gonbida dezakeen pertsona bakarra da.

“Ingurura begiratu eta gizartean herritar oso nagusiak daudela baieztatzean” sortu zitzaion Fandosi film laburra egiteko ideia, eta kezkati -baina umiltasunez- heldu dio arazoa bistaratzeari. Horretarako, Euskal Herriko aktore ezagun eta miretsienetako bi aurrez aurre jarri ditu zinemagile nafarrak, gezurra badirudi ere, inoiz gertatu ez bezala; Bareak zein Egileorrek berezko duten xamurtasuna baliatu ditu herritarrongan kontzientzia piztu eta hausnarketa bultzatzeko. Drama izaera gordina duen fikziozko lana komedia ukitu sotilekin lausotu dute bi interpreteek.

MOEren datuei erreparatuz, larriagotzen joango den arazo bilakatu da hirugarren adinekoen isolamendua, mundu guztian zabalduta dagoena. Fandosek aitortu duenez, bere herrian bertan ere filmeko protagonistaren adina duten hainbat bizilagun aurkitu izan ditu: “Batzuk egoera onean daude, baina agerikoak diren arazoei aurre egin behar diete, lagunak dagoeneko beraiekin ez daudela, alegia, joan egin direla… Beste batzuk ez dira zorteko, adineko asko aurrera egiteko indarrik gabe gelditzen baitira”. Bere familiaren egoera adibide hartuz, zera gaineratu du ere zinemagile nafarrak: “Gaur egungo gizarte likido eta globalean, askotan, senideak elkarrengandik urrun bizi dira, niri amarekin gertatzen zaidan bezala. Honetaz ere hitz egin nahi dut”.

Azaroa Films ekoiztetxe bizkaitarraren proiektua da 29 de febrero film laburra, 601 Producciones-en kolaborazioa duena. Hain zuzen muntaiaz eta postprodukzioaz arduratu da ekoiztetxe nafarra. Adri Nogales izan da argazki zuzendaria, eta Miguel Hualde arduratu da zuzeneko soinuaz. Beatriz Garcia Gomez da arte eta jantziteria burua, eta Iratxe Artaza makillaje eta ile-apainketarena. Mikel Salasek konposatu du musika, eta Heli Suarezek egin du etalonajea. Nafarroako Gobernuaren babesa eta BBK Fundazioaren laguntza ditu film laburrak.