Cannesko Zinema Jaialdiak Montxo Armendarizek duela 40 urte zuzendutako filma sartu du zaharberritutako lanak biltzen dituen sailean. Euskadiko Filmategia arduratu da zereginaz, eta irailean, 72. Donostia Zinemaldiaren Klasikoak atalaren baitan pantailaratuko dute ere.

cannes classics-2024-zinea

1984ko Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu zen Montxo Armendarizek galtzear zen ikazkin ogibideari buruz zuzendutako Tasio lana, eta bigarren saria eskuratzeaz gain, epaimahaiaren FIPRESCI saria ere jaso zuen. Bada, 40 urteren ostean, Euskadiko Filmategiak zinemagile nafarraren opera prima zaharberritu du, Cannesko Zinema Jaialdian proiektatuko dutena.

Zinemaren historiako maisulanak berreskuratu eta zaharberrituta aurkezten dituen Cannes Classics atalean ikusi ahalko da Armendarizen lehen fikziozko film luzea, harribitxiz osatutako aukeraketaren parte. Ostean, irailean, 72. Donostia Zinemaldian ere pantailaratuko dute filma, Klasikoak ziklo eraberrituko programan.

Egin kontu, besteak beste ondoko proiektuak erakutsiko dituzte aurten 20. edizioa izango duen Cannes Classics-en: Abel Gancek 1927an Napoleon Bonaparte enperadoreari buruzko Napoleon film kolosala, bost ordutik gorako iraupena duena; aurten 40 urte ere beteko dituen eta 1984an Urrezko Palma irabazi zuen Paris, Texas (Wim Wenders); Jean Luc-Godardek hil aurretik zuendu duen azken lana, Scenarios (2024); duela 70 urte Akira Kurosawak zuzendutako The Seven Samurai (1954); Charles Vidorren Gilda (1946); 1964ko Urrezko Palma lortu zuen Jacques Demyren The Umbrellas of Cherbourg musikala; edota  Robert Bressonen Quatre nuits d’un rêveur (1971).

Ikazkin ogibideari buruzko filma

Tasio errodatu aurretik, Armendarizek Nafarroako Ikazkinak dokumental laburra errodatu zuen Viloria (Valladolid, Espainia) herrian, Ikuska 11 proiektuaren baitan. Ikazkinek iheskor erantzun zioten film batean parte hartzeko eskariari, eta zinemagileak eta haren taldeak, beharginak txondorrak osatzen ari ziren bitartean (haien lana oztopatu gabe) irudiak grabatu zituzten. Gerora, irudiok Anastasio Ochoa ikazkinari buruzko filmean erabiliko zituzten. Patxi Bisquert aktoreak interpretatu zuen Tasio.

Ochoa 14 urterekin hasi zen beharrean Urbasako basoan. Bizitza osoa bertan egin zuen, eta familia izan zuenean ere, bere jardunaren inguruan osatu zuen. Garai hartan landa-eremutik hirigunera lekualdatzen ari ziren herritarrak, eta Tasiok joera haren kontra, basoan geratzea erabaki zuen libre izaten jarraitzeko.

Euskadiko Filmategiak prentsaurrekoa deitu du apirilaren 29rako, non Tasio filmaren zaharberritzearen eta Cannes Classics saileko aukeraketaren inguruko xehetasunak emango dituen. Armendariz zinemagilea Tabakaleran egingo duten agerraldian izango da, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiako zuzendariarekin eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuarekin batera.