Festibalaren zuzendari artistikoa izandakoaren lan berriena lehiaketaz kanpo erakutsiko dute; guztira, 15 herrialdetako 23 lan proiektatuko dituzte sail ofizialean. Mundu mailako 5 estreinaldi, nazioarte mailako 3, Europa mailako 1 eta Espainia mailako 12 hartuko ditu hitzorduak.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiak 18. edizioa ospatuko du aurten, eta arduradunek hitzorduaren xehetasunak argitu dituzte gaur bertan. Martxoaren 11tik 16ra bitartean gauzatuko da festibala, eta gertukoa duten ezagun baten film berrienaren estreinaldiak irekiko du. Oscar Alegriak bigarrenez izango du Punto de Vista jaialdiari ongietorria emateko ohorea, izan ere, 2019ko ekitaldian Zumiriki-rekin gertatu bezala, oraingoan Zinzindurrunkarratz ez-fikziozko lana izango da ikus-entzuleek ikusiko duten lehenengoa.
Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri. Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu, soinurik gabeko irudiekin. Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da Alegria Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.
SEMINCIn – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean abiatu zuen filmak aurkezpen ibilbidea, dokumental onenaren Gran Premio DOC saria irabazita. Ostean, Florentzian eta New Yorken saritu dute, eta Iruñean egongo da hurrena ikusgai, lehiaketaz kanpo. Aldiz, Pedro G. Romeroren De caballos y guitarras filmak itxiko du aurtengo festibala; Enrique Bellanderen La vida a oscuras ere lehiaz kanpo emango dute.
Guztira, 800 film inguru jaso dituzte Punto de Vistako programatzaileek, baina 15 herrialdetatik aukeratutako 23 lanek soilik aurkitu dute beren tokia, Latinoamerikako ekoizpenak nagusi direlarik. Sari ofizialen lehian 20 film izango dira (12 film luze eta 8 film labur); mundu mailako 5 estreinaldi, nazioarte mailako 3, Europa mailako 1 eta Espainia mailako 12 hartuko ditu. Besteak beste, Mariano Llinás argentinarraren Retrato de Mondongo lana, eta Anand Patwardhan Indiako zinema dokumentalaren maisuaren Vasudhaiva kutumbakam / The World is Family zein Dominique Marchaisen La rivière ekarriko dituzte Iruñera. Jorratutako gaien artean, ondokoek izango dute azpimarra: lehen pertsona, familiako memoria eta memoria historikoa, generoa eta identitatea, migrazio-politikak, klima- eta ingurumen-larrialdia eta gizakion eta beste espezie batzuen aniztasuna.
2024ko Punto de Vista jaialdiko sail ofizialean ikusgai izango diren filmak:
- Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria) Euskal Herria. 89 min | Lehiaketaz kanpo. Irekierako film
- Avalancha (Daniel Cortés) Kolonbia. 25 min)
- Corazón embalsamado (Julieta Seco) Argentina. 69 min
- ¿Dónde está Marie Anne? (Yaela Gottlieb) Peru, Argentina. 6 min
- El Canto de los Años Nuevos (Alexander Cabeza Trigg) Espainia. 23 min
- En communauté (Camille Octobre Laperche) Frantzia. 44 min
- Homing (Hamer Hassan) Brasil, AEB. 34 min
- Inde Ved Siden Af / My Next Door Neighbours (Maia Torp Neergaard) Danimarka. 18 min
- La rivière (Dominique Marchais) Frantzia. 104 min
- La suite canadienne (Olivier Godin) Kanada. 68 min
- La vida a oscuras (Enrique Bellande) Argentina. 74 min. Lehiaketaz kanpo
- Night Walk (Sohn Koo-yong) Hego Korea. 65 min
- Ôte-toi de mon soleil (Messaline Raverdy) Belgika. 49 min
- Procès-verbal (Matthew Wolkow) Kanada. 5 min
- Radiance (Shuhei Hatano) Japonia. 18 min
- Remembering Franco (Pedro Pinzolas) Espainia. 69 min
- Retrato de Mondongo (Mariano Llinás) Argentina. 121 min
- Šutnja razuma / Silence of Reason (Kumjana Novakova) Ipar Mazedonia, Bosnia-Herzegovina. 63 min
- Submarino volador (Lucas Zacarias) Kuba. 24 min
- Sur le fil d’Ariane (Adina Ionescu-Muscel eta Clara Beaudoux) Belgika. 11 min
- Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth (Maya Abdul-Malak) Frantzia. 36 min.
- Vasudhaiva Kutumbakam / The World is Family (Anand Patwardhan) India. 96 min.
- De caballos y guitarras (Pedro G. Romero) Espainia. 99 min | Lehiaketaz kanpo. Itxierako filma
2024ko edizioko irudia
Azucena Vieites artista bisual hernaniarrak sortu du 18. Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdirako kartel nagusia. Hainbat museo eta erakundetako bildumentan erakutsi izan ditu bere lanak -Reina Sofia Museoa, San Telmo Museoa, IVAM, Artium, Kutxan Fundazioa, CA2M eta MUSAC-, eta hain zuzen ere, horietan oinarrituta diseinatu du enkargu berrirako irudia: “2024ko Punto de Vistaren kartelerako irudia sortzean, pentsatu nuen hobe izango zela aurretik eginda neuzkan piezetan esku hartzea, irudi bat berariaz ekoiztea baino. Aukeratutako irudiak jaialdiko gaien eta proposamenetako batzuen arteko loturak erakusten ditu”.
Do It Yourself kulturaren moldeekin eta surrealismoarekin zein ready-made delakoarekin lotutako teknikak erabili ditu artistak. Ugaritasuna, zatiketa edo errepikapena irudi absolutuarekiko eta narrazio-forma linealekiko haustura gisa, edo obraren izaera iragankor eta prozesuala izan dira Vietesen proiektuko alderdi nabarmenak.