Maiatzaren 18an, Gasteizen, ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lelopean, antolatutako mobilizaziora joateko deia luzatu dute euskalgintza, kultura, sindikalgintza, hezkuntza eta ikus-entzunezkoen arloko hainbat eragiletako ordezkarik, bart Altsasuan eginiko agerraldian. Arabar hiriburuko Foru Plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean.

Gasteizen egindako agerraldi arrakastatsuan aurkeztu zuten 2023ko irailean Aldatu gidoia! eskaerarekin lotutako ekimena. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu ziren bertan parte-hartu zuten ordezkariak, bai eta aldarria babestu zuten gainerako eragileak ere: “Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina ikus-entzunezkoek iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duten garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde behar beste egiten. Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara zokoratzea ekarri dute, euskaldunon hizkuntzak eskubideak ez direlarik bermatzen” azaldu zuten. Era berean,  Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu dituenaren kezka ere agertu zuten: “Espainiar markoa gailendu da guztiz. Ondorioz, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik”.  Manifestuaren sinatzaileen aburuz, “hanka-sartze larria” da hori hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik; “Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Telebista Indartsua izatea da”.

Bi hilabeteren bueltan, azaroan, agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Legebiltzarkideei kanpainaren aldarrikapenak ezagutzera eman zizkieten eta 2024ko Eusko Jaurlaritzako kultura politiketan eta aurrekontuetan eskariak aintzat har ditzaten eskatu zieten. Hala, denbora honetan talde eta norbanako ugarik egin dute bat kanpainarekin, eta horietako asko bildu ziren atzo Altsasun maiatzaren 18rako deitu duten mobilizazioaren berri emateko agerraldian: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, AEK-ak, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak eta askotariko talde eta eragile euskaltzale beste hainbatek.

Euskarazko telebistaren sorrerako “ilusioa eta asmoa” berreskuratzeko beharra aldarrikatu zuten Iortia Kulturgunean egindako agerraldian, “berpiztu dezagun euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia. Eta eska diezaiogun Eusko Jaurlaritzari kultura politiketan, EITBn eta EITBz harago, zineman eta plataformetan euskara erdigunean jartzeko”. Era berean, kultura eta ikus-entzunezko edukiek norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte kohesioan duten garrantzia nabarmendu zuten, eta horren aurrean “estrategikoa” dela eskaintza zabal eta erakargarria bermatzea. Hala, “kezkagarria” deritzote Eusko Jaurlaritzak horren baliabide gutxi bideratzea.

Bada, Gasteizen izango dira guztiak, arestian aipatu bezala, maiatzaren 18an egin asmo duten “protesta jendetsuan”. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Arabar hiriburuko Foru Plazatik eta, bertan, “euskara erdigunean” jar dezaten eskatuko diete Eusko Jaurlaritza zein EITBri.

Aldatu gidoia euskararen alde

Kanpaina aurkeztearekin batera, informazioa biltzeko eta herritarren babesa jasotzeko espazioa zabaldu zuten change.org atarian. Gaur gaurkoz, 2500 sinaduratik gora bildu dituzte eta atxikimenduak jasotzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Sinatzaileen artean, euskalgintzako, hezkuntzako, kirol arloko zein ikus-entzunezko alorreko norbanakoek, kazetariek, legegileek, sindikalistek, kulturgileek eta diziplina anitzeko 32 gizarte-eragiletik gora babestu dute ekimena.

Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpaina herritarrari buruzko informazioa, eta sinatzeko aukera, HEMEN.