Zuzendaria: María de Medeiros

Urtea: 2000

Iraupena: 120 min.

Herrialdea: Portugal

Generoa: Drama | Historikoa

1974ko apirilaren 25ean portugaldar herriak bere historia aldatu zuen, erregimen politiko diktatorialarekin amaitu eta demokrazia berreskuratuz. Militar matxinatuekiko babes keinu gisara, krabelinak banatu zizkieten soldaduei, eta fusilen ahoan jarri zituzten bake-erakusgarri gisa, krabelina askatasunaren sinbolo bilakatuz. Horrela lehertu zen krabelinen iraultza.

Herrialde baten historia ezagutzeko modurik goxoenetarikoa izan ohi da hori jasotzen duten filmak berrikustea, eta ideia horren baitan kokatzen da ‘CAPITANES DE ABRIL’ (2000), Krabelinen Iraultzari buruzko film handia. Maria de Medeiros aktore portugaldarrak, Pulp Fiction (1994) gogoangarrian egindako lanagatik ezaguna, bere herrialdeko historiako pasarte garrantzitsuenetako bat kontatzeko zuzendaritzara jauzi egitea erabaki zueneko saiakera ederra. Apirilaren 24 eta 25eko jarduera ardatz hartuta, Salgueiro Maia kapitainaren istorioa islatzen du filmak, altxamendu militarraren protagonistetako bat.

Filmaren izenburua, Apirileko kapitainak, Krabelinen Iraultza bultzatu zuten Indar Armatuen Mugimenduko ofizialei eman zitzaien izenari zor zaio.

Zuzentzeaz gain, María de Medeirosek gidoiaren lanketan parte hartu zuen eta filmaren rol nagusietako bat antzezteaz arduratu zen, Stefano Accorsi italiarrarekin batera.