Ignacio Arakistain, 2021eko apirila

Dick Clark telebista gizon estatubatuarrak zioen musika dela guztion bizitzen soinu banda. Lehen amodio istorio hura gogorarazten diguten kantak, haurrei lokartzean abesten genizkien melodia baketsuak ala gazteek maite dituzten talde apurtzaileen doinu arrotzak. Guztiok daramatzagu zintzilik deskribatzen gaituzten notak, ez baitaude mapan urrun gure izatea eta entzutea, batak bestea etengabe elikatzen duelarik. Herri baten nortasuna ere definitu dezakegu lau haizetara gure bazter kuttunetan entzuten diren kanta herrikoiak, melodia malenkoniatsuak edota sentimendu nazionala elikatzen duten aberri ereserkiak bilduta. Horri pantaila handitik begi nini txikira bidaiatzen duen zinearen artea batzen badiogu, galdera bat sortzen zaigu. Ba al du identitaterik euskal zinemaren musikak? Euskal musikak ba al du oihartzunik, bada, Lumière anaiek sortutako arte noblean?

Ugariak dira pelikula bat musikatzeko prozesu posibleak. Aurrez sortutako kanten bilketak lagundu ditzake istorio desberdinak, musika klasikoaren molde sinfonikoak erabili daitezke, normalean orkestraren parte diren instrumentuekin paleta aberats bat osatuz, edota elektronikaren baliabideak ustiatu daitezke. Ez al da akaso zinema, musika garaikidearen probalekua, irudirik gabe arrotzegia zaigun musikarentzat bigarren bizitza, aterpe segurua? Dimitri Shostakovichek hogeita hamalau soinu banda idatzi zituen erregimen sobietarraren kide ziren zenbait zinemagilerentzat. Leonard Bernsteinek Broadwayko West Side Story musikalarentzat sortutako musika guztiok dugu gogoan, are gehiago hain gertukoa zaigun ezpata-dantzaren erritmo berberean idatzi zuen America pieza ezin ospetsuagoa. Nino Rota italiarrak, berriz, Federico Fellinirekin edo geroxeago Francis Ford Coppolarekin izan zuen kolaborazioa ere nabarmentzekoa da, konpositore eskolastikoek zinemari egin dioten aportazioak errepasatu gura zituen parrafo hau ixteko.

Eta gurean zer? Bada talentua eta nortasun nabarmena. Euskal zinemari egotzi ohi zaion intimitatearekiko gertutasunak, itxiturarako joerak epeltasuna topatu du Angel Illarramendi, Pascal Gaigne edota Fernando Velazquezen testura orkestral sendo eta limurtzaileengan. Lan molde berriak esploratuz lanean diharduten musikariak ere baditugu, Goya saria irabazi berri duten Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren Akelarre filmerako lana da horren adibide argia. Iñaki Salvador maisuaren lanarekin amaitu nahi nituzke lerro hauek. Bere musikarekin ondu baitu Ezust Duo taldeak argitaratu berri duten azken bideoa. 2006an Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzendutako Kutsidazu bidea, Ixabel filmari eginiko soinu banda dute protagonista aipatutako irudiek. Erritmoaren desplazamenduarekin, baxu ostinato etengabearekin eta ebokazio iradokitzaileekin, Salvadorrek bere talentuaren galbahetik pasatako musika erakargarria lortzen du.

Euskal zinemaren hotsen bilduman, harri bitxi nabarmena!