Aurkeztu dute Loraldia Udako Olaren hirugarren edizioa, euskal kulturaren transmisioaren inguruko gazteentzako sormen egonaldia. Parte-hartzaileek hainbat diziplinatan esperimentatzeko aukera izango dute, arloko profesionalen eta erreferenteen eskutik; irudiari dagokionean, Josu Martinez zinemagilea izango dute gidari.
Udako Ola, Loraldia egitasmoaren baitan, gazteei zuzendutako sormen egonaldia da, non euskal kulturaren transmisioaren inguruan lan egiten den. Hain zuzen ere, transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta espazio sortzaile berri bat proposatzea ditu helburu, parte-hartzaileek bide propioa garatu ahal izan dezaten.
Hala, 15 pertsona biltzen dituen proiektua da, modu intentsibo eta esklusiboan lan egin ahal izateko, ingurune segurua eta konfiantzazkoa sortuz. Sei eguneko sormen-egonaldi baten esperientzian oinarritzen da, ikasteko modu gisa, eta praktikan, sormen-laborategi gisa. Horrela, parte-hartzaileek euskal kulturaren erreferenteei buruzko eskola magistralak jasotzen dituzte, eta aukera dute ere erreferente kulturalak bertatik bertara ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta beren arlo espezifikoarekin lotutako edukiak jasotzeko.
Ekainaren 24tik 29ra egingo dute aurtengo edizioa, hirugarrena, eta Ane Labakak (sormena), Leire Vargasek (hitza), Amets Arangurenek (soinua), Josu Martinezek (irudia) eta Dantzaz taldeak (gorputza) hartuko dute parte. Era berean, gazteek sorkuntza propioa landuko dute egonaldian zehar, Edurne Azkaratek zuzenduta, eta azken egunarekin aurkeztuko dute Lekeitioko herriaren aurrean.
Sormen-egonaldi hau aste horretan Lekeition Loraldiak antolatuko duen Sormen Astearekin osatuko da. Egun hauetan Loraldiak kultur programazio oso bat onduko du, zeina doakoa izango den Udako Olan parte hartuko duten gazteentzat eta herritarrei ere zabalik egongo den.
Izena emateko epea zabalik da jada, eta ondorengo inprimakia egoki betez gauzatu ahalko da. Ikusi deialdiaren xehetasunak, HEMEN.