totem-kritika-zinea

Zuzendaria: Lila Aviés

Urtea: 2023

Herrialdea: Mexiko

Norbanakoen heriotzak hurbileko ditugunekin elkartzeko hitzordu bilakatu ohi dira normalean, utzi gaituena gogoratu eta haren galerari negar egiteko une sentikorrak. Zinemaren historian (literaturan, antzerkian eta baita pinturan ere gertatu bezala), sortzaileek kontaketaren zirrikitu dramatikoak aprobetxatu izan dituzte halakoei etekina atera eta giza taldeen eta komunitateen harreman afektibo zein sozialak aztertzeko, horien deseraikitze gradualean sakondu eta komunikazio eza bistaratzeko.

Lila Avilés zinemagile mexikarraren TÓTEM filmean zendutakorik ez dago, baina atzera bueltarik gabeko eritasuna duen gizon baten azken urtebetetze eguna izan daitekeena ospatu asmoz elkartuko dira senideak haren etxean. Gaixo terminala, ordea, ez da filmeko protagonista nagusia izango, ezta istorioaren gidaria ere.

Elkarlanean prestatzen ari diren sorpresazko zorion-afariaren prestaketa lanak hartuko du filma erabat, zazpi urteko Sol neskatoa lotura eta erdigune izanik. Gaztearen begirada umil eta isilari jarraituz murgilduko gara patuak gogor kolpatutako desgrazian, eta haren ikusmiratik izango dugu familiako kide bakoitzaren sentimendu eta erreakzioen berri. Honi baina, ukatuko egingo diote aita ikustea, ikus-entzuleongan bien arteko enkontru magikoa gertatzeko premia sortuz.

Film korala delarik, pertsonaia berriak agertuko dira etengabe, eta horien inpultso eta portaeretan agerikoa den tristura erakutsiko digu zuzendari mexikarrak TÓTEMen; denek ere, gertu dagoen heriotza asimilatzeko edo onartzeko askabide partikularrak izango dituzte: marraztu, pastelak egin, ile-apainketa, antzerkia, esku-lanak… Kamera ez da etxetik aterako, eta neskatoari itsatsita pasako da gela batetik bestera, ataritik egongelara, sukaldetik bainugelara. Familiariaren egoera zaurgarriaren ispilu da etxearen beraren egitura labirintiko, zatikatu eta nahasgarria; familiak dituen arazo ekonomiko, existentzial eta filosofikoak arakatzeko balizko proposamen estetikoa da espazio itxi eta kaotikoa. Eraginkorra eta sarkorra, bai, baina aurreikuspenei ihes egiten ez diena.

Erritmo narratibo biziz, Sol neskatoaren inozentzia goxoz, eta umore kutsu sinpatikoz eraikia, kultura mexikarrak doluari aurre egiteko dion “festa giro” parte hartzailean murgildu gaitu TÓTEMek, zinemagileak bere alabari propio eskainitako film txiki, sentibera bezain zintzoan. Bada, Hollywoodera salduta dauden herrikideen -Alfonso Cuarón, Benicio del Toro, Alejandro González Iñárritu-  itzaletik askatzeko urgentzia nabari zaio Avilési bere bigarren film luzean, Mexikon bertan oraindik ere kezka sozialei eta gizabanakoari arreta eskaintzen dien zinema konprometitua egiterik badela berretsiz.