Atzo, irailak 21, iragarri zuen Greenpeace erakundeak Donostia Zinemaldian aurkeztutako filmen artean urtero banatzen duen Lurra sariaren aurtengo irabazlea: Louis Garrel sortzaile frantziarrak Perlak sailean bistaratutako La Croisade. Krisi klimatikoaren inguruan modu itsaropentsuan hitz egiteagatik nabarmendu zuen lana epaimahaiak, eta Alex Lafuente ekoizle eta banatzaileak jaso zuen garaikurra Keler gunean egindako ekitaldian.

2015az geroztik, ingurumenaren eta bakearen balioak zein erakundearen nortasuna hoberen islatzen dituen Donostia Zinemaldiko proposamenari egiten dio aitortza Greenpeace erakundeak. Aurtengo epaimahaia Pedro Uriol ekoizleak, Raquel Sánchez Silva kazetariak, Rebeca Jiménez abeslariak, Pepa Blanes kazetariak eta Edurne Rubio Greenpeace erakundearen mobilizazio eta marketing arduradunak osatu dute, eta lau ziren garaikurra jasotzeko hautagaiak: Flore Vaseur zinemagilearen Bigger Than Us (Donostia Sariari lotutako emanaldia), Louis Garrel sortzailearen La Croisade (Perlak), Claudia Llosaren Distancia de rescate (Sail Ofiziala) eta Juan Sebastian Mesaren La Roya (New Directors).

Bada, atzo, irailak 21, eginiko sari banaketa ekitaldian, Garrelek Cannesko Séances Spéciales atalean estreinatu zuen eta Donostian programatu duten filmak jaso zuen aintzatespena. Epaimahaiaren iritziz, “Familia osoarentzako historio bat da, eta umorearen bidez, gure planetaren bizitza zaintzeko antolatzera eta neurriak hartzera bultzatzen gaitu, maila lokaletik globalera jauzi eginez”. Era berean, krisi klimatikoaz modu itsaropentsuan hitz egiten duela nabarmendu zuten.

Protagonista hamahiru urteko Joseph da. Abel eta Marianne gurasoak ohartu gabe, etxeko gauza baliotsu gehienak ezkutuan saldu ditu. Baina ez da bakarra izan: mundu osoko ehunka haur elkartu dira proiektu misteriotsu bat finantzatzeko. Planeta salbatzea dute helburu. Proposamena Cristina Enea parkean ere izango da ikusgai irailaren 23an, osteguna, 22:00etatk aurrera, Amenabar babeslearen bidez antolatutako Gaua Ederra Da ekimenean.