Maiatzaren 2an pantailaratuko dute Josu Martinezek zuzendutako filma, Ziburuko Baltsan elkartean. Ostean, zinemagileak hitza hartuko du, ikus-entzuleekin solasean aritzeko asmoz.

mirande-azokaldia-zinea

Ziburuko Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolatuta, bosgarrenez egingo dute, ekainaren 1ean, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. 40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute, eta aurkezpenak eta kontzertu laburrak izango dira bertan. Data iritsi aurretik baina, maiatzean zehar, hainbat kultura-ekimen aurreikusi dituzte Lapurdiko udalerrietako eragileekin batera prestatutakoak.

Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023) dokumentalaren emanaldiak abiatuko du Azokaldia maiatzaren 2an, Ziburun bertan. 18:30etik aurrera, Josu Martinezek zuzendutako filma ikusteko aukera egongo da Baltsan elkartearen egoitzan, eta ostean, zinemagileak beran hitza hartuko du, ikus-entzuleekin solasean aritzeko asmoz. Sarrerak 5 euro balio du.

2023ko urtarrilaren 4an 50 urte bete ziren Jon Mirande Aipharsoro euskal idazlearen gorpua hilik aurkitu zutela, eta urteurrenarekin batera, zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea den Josu Martinezek Parisen jaio eta hil zen egile eta pentsalariari buruzko dokumentala prestatu zuen. 71. edizioko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zen filma, eta Hasparneko 12. Zinegin festibalean eta Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Astean erakutsi dute gero.

XX. mendearen erdialdean, euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen Mirandek. Denek aitortzen diote bere garrantzia. Baina gai tabua da oraindik. Hari buruz denetarik esan da. Arrazista zela. Pedofiloa. Nazia. Pedofiloa. Inmorala. Haren gaineko berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotzen ditu. Ez dakigu zer egin berarekin.

KRITIKA | MIRANDE, FILM BAT EGITEKO ZIRRIBORROA: Bere hitzen baitan

Hala, Tentazioa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeek babestutako proiektuan, Miranderi eman dio Martinezek hitza, berak propio zuzendu eta  Miel A. Elustondorekin batera idatzitako dokumentalean: “Jon Miranderi buruzko film bat egin nahi dut. Baina ez dakit nola. Agian, behingoz, berari eman behar zaio hitza”.

Joserra Senperen musikariak konposatu du soinu banda, eta Xanti Salvador arduratu da soinuaren diseinuaz. Ibai Castro Egia da argazki zuzendaria, eta Ane Antoñanzas. Mireia Gabilondo eta Katti Pochelu ekoizpen eragileak. EiTB, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kanaldude ere proiektuaren laguntzaileak dira.

Gainerako jarduerak

Ekainaren 1eko Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iritsi bitartean, aipatutako zinema emanaldiaz gain, bestelako kultura-ekimenak hartuko dituzte Lapurdiko udalerriek. Maiatzaren 7an, Azkaineko Bil Tokin Ander Lipus aktore eta egileak Antzerkiaren labirintoan-I liburua aurkeztuko du. Hilaren 17an, aldiz, Urruñan, Berttolin, Iban Zalduaren Ipuina engainua da liburua abiapuntu irakurraldi musikatua eskainiko dute MICErekin batera. Azkenik, Maite Duhaldek bere tesia aurkeztuko du hilaren 23an, Donibane Lohizuneko Mediatekan: Lapurdi itsas hegiko euskara.