Donostia Zinemaldiaren Laguntzaile Ofiziala den Amenabar enpresak 69. Edizioaren baitako aire zabaleko emanaldi bat babestuko du. Aukeratutako filma La Croisade / The Crusade da, Louis Garrelek zuzendu eta antzeztutakoa, eta hilaren 23an emango dute, 22:00etatik aurrera, Cristina Enea parkean.

Aktore eta zinemagile lanak uztartzen dituen profesional entzutetsu frantziarraren hirugarren film luzea eskainiko du Amenabarrek. La Croisade / The Crusade haurrek gidatutako mundu mailako konspirazio bati buruzko filma da. Egun batean, Abel eta Marianne protagonistek jakingo dute 13 urteko semeak (Joseph) ezkutuan saldu dituela gehien maite zituzten gauzak. Laster konturatuko dira Joseph ez dela hori egin duen bakarra: mundu osoko ehunka haur elkartu dira proiektu misteriotsu bat finantzatzeko. Planeta salbatzea da misioa.

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioak aire zabaleko zinemaren espiritua berreskuratuko du Egia auzoko Cristina Enea parkeak hartuko duen emanaldiarekin. Saioak edukiera mugatua izango du, eta amaierako sopresa bat izango dela iragarri dute antolatzaileek. Sarrerak doakoak izango dira eta saioaren aurreko egunetan zozketatuko dira Amenabarren eta Donostia Zinemaldiaren sare sozialen bitartez.

Sei animazio-film Haurrentzako Zinema sailaren programan

Cristina Enean egingo den emanaldi bereziaz gain, Donostia Zinemaldiak haurrentzako pentsatutako sei filmen hautaketa bat ere aurkeztuko du, Amenabar enpresak hirugarren urtez jarraian babestuko duen sail batean. Familientzako saio horiek Príncipe zinema-aretoetan programatuko dira asteburuetan. Film guztiak euskarara bikoiztuta egongo dira, Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema euskaraz programaren esparruan.