Maiatzaren 2tik 23ra bitartean, lau film pantailaratuko dituzte Intxaurrondo Kultur Etxean. Ostean, jorratutako gaiei buruz hausnartzeko solasaldiak egingo dira.

Zinema eta Biktimologia zikloa-zinea

Biktimologiaren Euskal Elkartearen eta Donostia Kulturaren eskutik jaio da Zinema eta Biktimologia zikloa. Maiatzean zehar garatuko da, eta zinema emanaldiak zein hitzartzeak izango ditu ardatz. Giza jokabideei buruz hausnartu eta Biktimologia gizartera hurbiltzeko helburuarekin sortu dute egitasmoa.

Emakumeen aurkako indarkeria, justizia errestauratiboa, sexu-indarkeria eta biktimizazio judiziala jorratzen dituzten filmak egongo dira ikusgai Intxaurrondo Kultur Etxean, eta gaian adituak, akademikoak, ikertzaileak zein profesionalak hurbilduko dira emanaldien osteko solasaldietara.

Maiatzaren 2an abiatuko dute zikloaren lehenengo edizioa.18:30ean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, Enrique Echeburúa Psikologia Klinikoko katedradun emerituak (UPV/EHU), eta Gemma Varona, Biktimologiaren Euskal Erakundeko (UPV/EHU) zuzendariak hitza hartuko dute irekiera-ekitaldian, eta ostean, Bajo terapia (Gerardo Herrero, 2023) ekoizpen nafarra egongo da ikusgai. Kriminologiaren Euskal Institutuko kide eta ikerlaria den izaskun Orbegozok parte hartuko du gero ikus-entzuleekin enkontruan.

Hurrengo ostegunean, maiatzaren 9an, Michael Pearceren Encounter (2021) ikusiko dute bertaratzen direnek, eta justizia erreparatiboaz arituko da segidan Gemma Varona biktimologoa hizketan.

Hilaren 16an, aldiz, Marco Tullio Giordanaren Nome di donna (2018) lanak jorratzen dituen sexu erasoak izango dira solasaldirako ardatza. Javier Gomez Zapiain psikologoa gonbidatuko dute.

Azkenik, The Acussed (Jonathan Kaplan, 1988) filmaren proiekzioa eta Gregoria Mendiguren psikologoaren hitzartzea hartuko ditu Intxaurrondo Kultur Etxeak. Biktimizazio judizialaz ariko da Gregoria Mendiguren psikologoa ostean.

Gonbidapenak

Sarrera doan da, baina, interesa dutenek egunean bertan jaso beharko dituzte gonbidapenak www.donostiakultura.eus webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko lehiatiletan, 11:30etatik aurrera. Baita Intxaurrondo Kultur Etxeko leihatilan, ekitaldia baino ordubete lehenago. Gehienez, lau gonbidapen jaso ditzake pertsona bakoitzak.