Apirilaren 26an iritsiko da MAKUSI, haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digital berria. Haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitalak adinaren arabera sailkatutako euskarazko marrazki bizidunak, telesailak, filmak… eskainiko ditu, www.makusi.eus webgunean, doan.

EITBk sortutako komunitate berri honetan entretenimendua izango da nagusi; euskaraz eta modu seguruan biziko dituzte on-line esperientziak etxeko txikienek. Izan ere, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzen du ente publikoak, baita haur eta gaztetxoen artean ere. Bide horretan, MAKUSIk gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskainiko die, edukien “eskaintzarik onenarekin” eta “teknologiarik puntakoen” erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko.

Hala, MAKUSI unibertsoak bi zutabe nagusi ditu: plataforma digitala bera eta kluba. Biak apirilaren 26tik aurrera izango dira eskura, doan, www.makusi.eus webgunean.

Haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitala

MAKUSI doako plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza izango du: marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak… eta, nola ez, ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskainiko ditu, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakutsiko du. Hartara, zerbitzu publiko gisa gizartea eraldatzeko apustu irmoari erantzuten dio beste behin EITBk.

Plataforma berriaren jaiotzarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu: Potx eta Lotx, txikienentzako pailazoen programa; Kalaxka, Aritz Mendiolak eta @anepe.acedo-k aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta Power Up, euskaraz sortutako fikzioa, bideo-jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena. Ostiralero eduki propio hauen atal berri baten estreinaldia izango da MAKUSI plataforman.

Edukiak ikusteko nahikoa izango da erregistroa gauzatzearekin, eta ohi bezala, gailu nagusienetan egongo da eskuragarri: webgunean, mugikor eta tablet-etan (Google Playn eta App Storen bitartez deskargatuta); EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria). Laster Smart TV telebistetan ere ikusgai egongo da (Samsung eta LG marketan) eta chromecast gailuan edo norberaren Android gailutik TVra cast egiten.

MAKUSI Kluba

Umeen MAKUSI Klubaren bidez, abantaila eta promozio ugari izango dituzte haurrek eskura: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, zorion-agurren bideoan azaltzeko aukera, erabiltzaile-txartel digitala, eduki berrien eta estreinaldien newsletter bereziak… Bertako kide egitea doakoa izango da.