Fant30 sarrerak-zinea

Sarrera orokorrak 5 euro balio du, eta 10 saiotara gerturatzeko aukera ematen duen bonuak 35 euro. Aldiz, 50 euro ordainduta opari-pack berezia ere jaso dezakete ikus-entzuleek.

FANT – Bilboko Fantasiazko Zinemaren Jaialdiko arduradunek iragan astean aurkeztu zuten maiatzaren 3tik 11ra bitartean ospatuko duten 30. edizio borobila, eta ikusgai izan diren filmen berri jakin genuen.  18 film luze eta 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialetan. Bada, gaurtik aurrera, emanaldi, saio eta bestelako jardueretara gerturatzeko sarrerak jarri dituzte salgai.

Sarrera orokorrak 5 euro balio du, eta egoitza bakoitzeko webgunean zein leihatilan bertan eskura daitezke. Hala ere, jakinarazi dutenez, FAS Zineklubaren, Azkuna Zentroaren eta Campos Eliseos Klubaren  txartela dutenek zein El Correo egunkariaren harpidedunek 4 euro ordaindu beharko dituzte soilik.

Emanaldiak Golem Alhondiga zinema aretoan egingo dira, zenbait saio salbu. Maiatzaren 3an, Campos Antzokiak hartuko du irekiera-ekitaldia, non Laura Alvearen La mujer dormida thriller psikologikoa zein Fant Laburrean-Euskal Filmak saileko 13 film laburrak pantailaratuko dituzten; tartean euskaraz errodatutako lau. Itxiera-ekitaldia, aldiz, maiatzaren 10ean egingo dute, BBK Aretoan. Egunean bertan Fantastikoaren Izarra Saria jasoko dute Pedro Olea zinemagile bilbotarrak eta Lamberto Bava zuzendari, ekoizle eta gidoilari italiarrak. Palmaresaren berri ere emango du epaimahaiak.

Aurten, zinemaldi fantastikoaren urteurrena ospatzeko, bonuak iragarri dituzte ere, ordainpeko proiekzioetara sartzeko balio dutenak (filmak, galak zein palmaresa), baita Golem Alhondigan, 09:30ean, egingo diren prentsa emanaldietara ere. Bi bonu mota daude. Batetik, 35 euro ordainduta 10 saiorako sarbidea ahalbidetzen du arruntak. Bestetik, 50 euroko kostua du bonu bereziak eta opari-pack bat du beregain. Berau FANTen InfoPuntuan jaso ahalko da maiatzaren 3tik aurrera.

Akreditazioak

Kazetari eta zinema kritikariek prentsa-akreditazioak eskatzeko aukera dute ere. Interesdunek mezua bidali beharko dute akreditazioakprentsa@bilbao.eus korreo elektronikora, ondoko informazioa zehaztuz: komunikabidearen edo gizarte-komunikabidearen izena eta webgunea, eskatzailearen izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa, zinemaldiari buruz aurretiaz idatzitako informazioaren estekak.

Akreditazioak eskatzeko epea gaur ireki dute, eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik.