Diziplina anitzeko 21 kidez osatuta egongo da epaimahaia. Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten erakunde edo pertsona interesatuek ekainaren 15era arte dute proposamenak bidaltzeko aukera.
KCD GGKek – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena da Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte urtero, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute hitzordua: jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kultur artekotasuna eta giza eskubideak.
Hamaseigarrena izango den edizioa urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko dute, eta jaialdiko arduradunek epaimahaia osatzeko deialdia zabaldu dute: “Erakundeek edo pertsona interesatuek parte hartzea zein kategoriatan gustatuko litzaiekeen komunikatu behar digute. Okupatuta egotekotan, beste bat proposatuko genioke”.
Diziplina anitzeko 21 kidez osatuta egongo da epaimahaia (% 66 emakumeak eta % 34 gizonak), eta hiruko taldeetan banatuko dituzte, kategoriaka: Iraunkortasuna, Giza eskubideak, Emakume batek burututako lan onena, Kulturartekotasuna, Genero ekitatea, Euskaraz egindako lanik onena eta Invisible express.
Epaimahaia osatuko dutenei zeregina errazteko, iraileko lehen hamabostaldian lanak online ikusteko sarbidea emango diete, eta azken erabakia urriaren 12an jakinaraziko dute.
Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 15era arte egongo da irekita. Horretarako, erakundeek edo pertsona interesatuek beren proposamena administracion@kcd-ongd.org korreo elektronikora bidali beharko dute ondoko informazioa zehaztuta: izen-deiturak, jaialdiaren katalogorako argazki bat, curriculum laburra.
Informazio osagarria, HEMEN.