Albertina Carri, Laura Citarella, Isaki Lacuesta, Elena López Riera, Jean Gabriel Periot eta Catarina Vasconcelos izango dituzte egoiliarrek bidelagun.

ikusmira berriak_2024_zinea

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatutako Ikusmira Berriak programak 10. edizioa beteko du aurten. Dagoeneko aukeratutako egoiliarrak -tartean, Maria Elorza (Caro Bastiano) eta Mikele Landa (Senda) Tabakaleran dira, beren proiektuak garatzen. Egunotan programako adituen batzordeko kide zein aholkulariekin izan dituzte aurrez aurreko saioak, eta apirilaren 14ra bitatean, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte.

Gaur jakinarazi dute nortzuk izango diren 2024ko Ikusmira Berriak-eko tutoreak, eta horiek zein proiektu lagunduko duten:

  • Wash Over, Marieke Elzerman | Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian El agua filma aurkeztu zuen Elena Lopez Riera espainiarra izango du Elzarm zinemagile herbeheretarrak aldamenean.
  • The Bow, Lucy Kerr | A Metamorfose dos Pássaros ez-fikziozko obraren zuzendaria den Catarina Vasconcelos izango da Kerr estatubatuarraren tutorea.
  • Caro BastianoMaria Elorza | Song for the Jungle filmarekin 2018an Zabaltegi-Tabakalera irabazi zuen Jean-Gabriel Périot frantziarra Elorzaren aholkularia izango da.
  • SendaMikele Landa | Cahiers du Cinema aldizkariaren arabera 2023ko film onena izan den Trenque Lauquen zuzendu duen Laura Citarella argentinarrak lagunduko dio Landari bere lehen film luzea lantzen.
  • La Pastora / The Shepherdness, Cande Lázaro | Lázaroren lana Albertina Carri errealizadore eta programatzaile argentinarrak tutorizatuko du.
  • Impunidad / Impunity, Felipe Gálvez | Urrezko bi Maskorrekin saritutako Isasi Lacuestak lagunduko dio Gálvez txiletarrari bere bigarren filmean.

Egonaldiaren agenda

Aipatutako profesionalez gainera, egoiliarrek Mikel Gurrearen azalpenak entzuteko parada izango dute, martxoaren 18an eta 19an. 2016ko Ikusmira Berriak programan garatu zuen Suro, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zena 2022an; eta Fipresci Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zituen.

Apirilaren 2an eta 5ean, aldiz, ‘Pensar el proyecto en términos de montaje’ tailerrean parte hartuko dute, Ariadna Ribas (Creatura / Pacifiction / Suro) eta Ana Pfaff (Estiu 1993 / Alcarràs) muntatzaileek gidatuko dutena. Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako 10.000 euroko laguntza jasoko du bi egonaldien artean proiektua lantzen jarrai dezan. Uztailean online egingo dira banakako tutoretzak, eta irailean, Zinemaldiarekin bat eginez, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko.