Gaur hasi, eta urriaren 22ra (igandea) bitartean, 46. Euskal Zine Bilera eta 12. Zinegin Festibala ospatuko dituzte. Filmen emanaldiez gain, tailerrek, musika kontzertuek, solasaldiek eta aurkezpenek osatuko dute bateko zein besteko egitaraua.

Euskal zine bilera-Zinegin festibala

Euskal zinemaz gozatu nahi duen orok, badu zereginik datozen egunotan. Adi, izan ere, bat ez, euskara hutseko bi zinemaldi abiatuko dituzte gaur bertan. Batetik, Jarraitu zinearen lorratza lemapean, zinemagintzaren alor desberdinak landuko dituzte Lekeition, proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez. Bestetik, Hazparnen, lau egunez, azken hilabete eta urtean aurkeztutako eta oihartzuna izan duten euskal ekoizpenak pantailaratuko dituzte, eta musika ere ez da faltako.

EUSKAL ZINE BILERA

Euskara hutseko jaialdi zaharrena da Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko sortzaileentzako topaleku izaten, eta aurten ere hala izango da. Beste urte batez, Ikusgarri zinema-aretoa izango da erdigunea, eta bertan izango dira ikusgai sail ofizialean lehian izango diren 19 film laburrak. Horien artean onenak zein diren ebazteko ardura izango dute Alaitz Arenzanak (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirrek (euskal aktorea) eta Nerea Alberdik (konpositorea, musikari eta sortzailea).

Zuzendaritza (3.000 €), gidoi (1.600 €) eta film onenaren (1.600 €) sariak banatuko ditu epaimahaiak, eta horrekin batera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren (1600 €) irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria (750 €) emango zaio. Urriaren 20tik 22ra bitartean, gainera, Kameratoia – Euskarazko Film Laburren Rallyaren 19. edizioa egingo da.

Euskal zinemagintzan egin duten ekarpena omentzeko asmoz, Ane Gabarain eta Elena Irureta aktoreei eskainiko diete 46. edizioko Euskal Zinemaren Begirada saria. 1985etik aurrera sarritan partekatu dute pantaila donostiarrak eta zumaiarrak, hala, “biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak” direla adierazi dute EZBko kideek.

Urriaren 21ean, 19:30ean Ikusgarri zinema aretoan egingo duten ekitaldian egingo zaie aitortza publikoa, Ibai Zabalak gidatuta.

2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua. Bada, Sahatsa Jauregi artistak izan du lehen sari berriak diseinatzearen ardura. Bestalde, Pantaila irekia ekimenaren barnean, Gasteizko Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean Zine Elkarrizketak egitasmoa jarriko du martxan. Ainara Elgoibaren Gold 20, Maddi Barber eta Marina Lameiroren Paraíso eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarriren San Simon 62 filmak ikusi ahalko dira, Aritum Museoko “Z” aretoan. Gainera, Mari Luz Estabanek idatzitako Andrezaharraren manifestua pelikula bilakatu du Lur Olaizolak.

ZINEGIN FESTIBALA

Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zine-gelak 2012an sortuta, bere jatorrizko xedeari eutsiz, euskarazko filmak proiektatzen dituzte urtero, Hazparneko Haritz Barne zinema-gelan. Aurten urriaren 19tik 22ra bitartean ospatuko dute 12. Zinegin festibala, eta fikziozko, ez-fikziozko eta animaziozko lan ugari eskainiko dituzte, horietako asko, sortzaileek propio aurkeztuta.

PLK zine tailerraren baitan Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioko ikasleekin ondutako Positive bomb (Eñaut Castagnet, Lander Garro eta Manex Fuch) eta 10 WATT bakarrik (Oier Puentes) film laburrak egongo dira, batetik, ikusgai. Bestetik, Bañolet (Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Maia Iribarne Olhagara) fikzio parte hartzailea, Tetuán (Iratxe Fresneda) ez-fikziozko lana, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro zein Mirande, film bat egiteko zirriborroa obrak, Unicorn Wars (Alberto Vazquez) animaziozko film luzea, Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezia lan saritua eta Paul Urkijoren Irati film epikoa eskainiko dituzte.

Horiez gain, euskal animazioaren 50. urteurrena ospatu duen Animadeba jaialditik ekarritako lan sorta deskubritzeko aukera emango dute, zuzendariak bertan izango direlarik. Haurrei bereziko zuzendutako Pixo Post eta opari-emaileak (Gorka Sesma) proposatuko dute ere.

Ostiralean, urriak 20, musika eta argazkia uztartuko dituen hiru kontzertuk osatuko dute egitaraua. Batetik, Barnez Kanpo taldeaa, Nahia Garaten argazkiekin; Haria taldea bigarrenik, eta azkenik, Lumi, Nagore Legarretaren argazkiekin.

Bestalde, larunbatean “Tourné-monté” tailerra eskainiko dute. Taldeka edota bakarrik parte hartu daiteke, eta helburua, smartphone-a edo kamera erabiliz film labur-laburrak sortzea da, plano guztiak kronologikoki jarraian filmatuz. Izena eman nahi dutenek zinegin@gmail.com korreo elektronikora idatzi beharko dute.