Dokumentalak, fikzioak, erreportajeak, ikerketak etab. uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira. Ohiko aitortzez gain, EiTBrekin sinatutako akordioari esker, genero ikuspegia sustatzeko helburuz sortutako EiTB saria (1.000 euro) banatuko dute aurten.

ficab 2024-deialdia-zinea

Irungo Oiasso Erromatar Museoak eta Irungo Udalak Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIV. edizioa jarri dute martxan. Azaroaren 11tik 16ra egingo dute, eta lanak bidaltzeko epea zabalik izango da uztailaren 15era arte. Ikerketa arkeologikoen emaitzak jasotzen dituzten ikus-entzunezkoen bidez, arkeologia gizartera hurbiltzeko eta ezagutzara emateko helburua du ekimenak.

Ohi bezala, dokumentalak, fikzioak, erreportajeak, ikerketak eta ikus-entzunezko hainbat formatu eta generoko lanak galdegin dituzte deialdian, betiere, edukiak arkeologiari eta beronen teknikei lotutakoak badira; hau da, etnoarkeologia, ondare arkeologikoa eta beronen kontserbazioa.

Dokumentu zinematografikoak formatu digitalean aurkeztuko zaizkio hautaketa-batzordeari, deskargatzeko esteka bat edo dokumentua bera WeTransfer, Dropbox, Drive edo antzeko plataformaren baten bidez ondoko bi korreo elektronikoetako batera bidalita: ficab.oiassorun.org / ficab.oiassomail.com. Hala ere, izen-ematea FestHome plataformaren bidez ere egin daiteke. Jarraian duzue ere izen-emate orria.

Sariak

FICAB Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak bi sail lehiakor izango ditu -sail ofiziala eta hezkuntza-saila-, eta arduradunek adierazi dutenez, inskribatutako film guztiak bietarako izango dituzte kontuan, ezaugarrien arabera. Hautaketa batzordea arduratuko da esleipena egiteaz.

Epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren munduan prestigioa duten profesionalek osatuko dute, eta jaialdiaren amaiera-ekitaldian jakinaraziko dituzte ebatzitako sariak. Zinemaldiko sari nagusia (2.000) eta aurten aurrenekoz emango duten eta genero ikuspegia sustatzeko helburuz sortutako EiTB saria (1.000 euro) banatuko dituzte. Aldiz, Hezkuntza-saileko irabazleak 750 euro jasoko ditu; Oiasso museoak izendatutako epaimahai batek aukeratuko du.

Ikus-entzuleek, beren aldetik, gogokoen duten filma bozkatuko dute (1.000 euro), eta dibulgazio zientifikoko Areolan sariarekin aitortutako lanak ez du onura ekonomikorik izango.

Jaialdiaren inguruko xehetasunak zein deialdiaren oinarriak kontsultagai dituzue jarraian.