Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 46. edizioa ospatuko du datorren urriaren 19tik 22ra, euskal ikus-entzunezkoak lehen lerrora ekarriaz. Lau egunez, zinemagintzaren alor desberdinak landuko dituzte proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez.

Beste urte batez, Ikusgarri zinema-aretoa izango da erdigunea. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango du eta, horietan zehar, euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango dira bertan. Euskal jaialdien artean bereziena, ezin dugu ahaztu Lekeitiokoa euskara hutseko Zinemaldi zaharrena dela gurean, eta lau hamarkadatik gora daramatzala euskarazko sortzaileentzako topaleku izaten.

Lehiaketa eta epaimahaia

Baina, Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko lehiari esker da. Izan ere, euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian.

Bada, aurtengoan, 19 film izan dira lehiaketarako hautatuak. Era berean, horien artetik onenak zein diren ebazteko ardura izango duten epaimahaikideak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (konpositorea, musikari eta sortzailea) izango dira.

Zuzendaritza (3.000 €), gidoi (1.600 €) eta film onenaren (1.600 €) sariak banatuko ditu epaimahaiak, eta horrekin batera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren (1600 €) irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria (750 €) emango zaio.

46. edizioko Sari Banaketa urriaren 21ean ospatuko da, 19:30etik aurrera, Ikusgarri zine aretoan. Ana Goitia eta Jon Garate izango dira aurkezleak.

Kameratoia

Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Kameratoia – Euskarazko Film Laburren Rallyaren 19. edizioa urriaren 20tik 22ra bitartean ospatuko dute. Deialdian izena emateko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik, 18 eta 26 urte bitarteko gazte sortzaileentzat.

Hauek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko. Ondoren, Estibaliz Urresola zinemagilea eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Aitzol Saratxaga izango dira lan irabazlea ebaztearen arduradunak.

Sariak irabazteak gaiz, Asier Renteria soinu ekoizleak gidatutako soinuari buruzko doako masterclass batean parte-hatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta, hori gutxi balitz, urriaren 20ko gaua Lekeition doan igarotzeko aukera emango zaie izena ematen duten lehen 20 lagunei.

Kameratoiaren sari banaketa urriak 22an ospatuko da, 16:30, Ikusgarri zine aretoan. Egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

 

Zoom: Klixka

Euskal Zine Bilerako ZOOM atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abiatu dute aurten. Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin.

Bada, aurtengoan, Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxilergoko bigarren mailako ikasleek parte-hartu dute; eta Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Peru Galbete izan dira artista gonbidatuak.

Euskal Zine Bileraren 46. edizioari buruzko xehetasun gehiago, HEMEN.