Pello Sarasuak zuzendu eta Arteman Komunikazio Agentziak ekoiztutako lan-dokumentala lehenengoz erakutsiko dute Euskal Herritik kanpo. Aldiz, maiatzean zehar hainbat emanaldi izango ditu gurean.

Arantzazu-Kartela-zinea

Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jasotzen duen Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentalak 65. ZINEBI jaialdi bilbotarrean ikusi zuen argia, eta ostean, estreinaldi instituzionala egin zuten, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Apirilean, herriz herri erakutsi dute, eta maiatzean ere aurkezpen birak jarraituko duela argitu du Arteman Komunikazio Agentziak. Gaur, gainera, Euskal Herritik kanpoko lehen emanaldia izango du: Madrilgo Dore zineman egongo da ikusgai, 20:00etan.

Arantzazutik urtetan egin den ekarpena eta haren ondarea ezagutzera emateko, dokumentalak hainbat testigantza eskaintzen ditu, elkarrizketa eran jasoak. Besteak beste, zazpi frantziskotarren parte-hartzearekin (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Anjel Txabarri, Manolo Pagola, Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu batean edo bestean harreman esanguratsua izan duten hainbat pertsonen hitzekin (Joseba Intxausti, Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi) osatu dute proiektua.

Jarraian duzue datozen asteetako emanaldien zerrenda:

  • Maiatzak 6, 20:00etan: Madril (Dore zinema)
  • Maiatzak 8, 10:00etan: Aretxabaleta (Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoa) | Pello Sarasua zuzendaria izango da bertan.
  • Maiatzak 11, 18:00etan: Elduain (Elduaingo Kultur Etxea) | Pello Sarasua zuzendaria izango da bertan.
  • Maiatzak 15, 19:00etan: Soraluze (Herri Antzokia)
  • Maiatzak 16, 19:30ean: Oiartzun (Landetxe Kultur Aretoa)
  • Maiatzak 21, 19:30ean: Arrasate (Amaia Antzokia)

Gure historiaren eta izanaren parte

Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua. Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko frantziskotarrekin lotzen ez baditugu ere, gaur egun oso gureak eta barneratuak ditugun hainbat altxor eman dizkigute.

Horiek ezagutzera ematea beharrezkoa dela iritziz, Arteman Komunikazio Agentziak Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri 1 lan-dokumentala ekoiztu du; EITB zein Berria komunikazio taldeen babesa eta bultzada ditu ikus-entzunezkoak. Sortzaileen hitzetan, “gure historiaren eta izanaren parte dira” frantziskotarrak: “Arantzazu ez litzateke gaur dena izango herririk gabe eta herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe”.