Eneko Muruazabalek zuzendutako lana 3. Oihua! lehiaketaren irabazlea da. 2024ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean izango du estreinaldia.

Planetagatik-zinea

Oihua! deialdiko hirugarren edizioan hautatutako Planetagatik film laburra Donostian errodatu dute egunotan. Lan-taldeak, Eneko Muruazabal zinemagilearen zuzendaritzapean, apirilaren 27an eta 28an Maria Aldapeta ikastetxean hartu ditu irudiak. Iñigo Aranburu, Ainhoa Artetxe eta María Cruickshank dira “gaurkotasun handiko ekodistopia” honen protagonistak, eta eskolako ikasleak ere ageri dira bertan.

“Gaiak duen interes bizia, ironiaren erabilera fina eta euskaraz egindako zientzia-fikzioa aldarrikatzeko nahia” nabarmenduz, Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatutako lehiaketan jasotako 10 gidoien artean irabazle izan zen Planetagatik, eta sari gisa, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2024ko programazioan txertatuko da. Muruzabal, gainera, Igor Legarreta zuzendariaren aholkularitza izaten ari da lan prozesuan zehar.

Talde teknikoaren parte dira Txarli Argiñano argazki-zuzendaria, Usua de la Fuente jantzi-koordinatzailea eta Iñigo Madurga “Mattur” arte-zuzendaria. Larrotxene ikus-entzunezkoan espezializatuta dagen Donostiko kultur etxeko kideek eta profesionalek osatu dute lan-taldea.