Eusko Jaurlaritzak 2024ko ekitaldian ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia argitaratu du. 7.280.000€ banatuko dira, film luzeak, film laburrak eta serieak ekoizteko, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago.

Ikus-entzunezkoen sektorea gaur egungo gizartean hartzen ari den garrantzia eta bere jardueraren garapenak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta ekonomia aberasten dituela kontuan hartuta, urtez urte handiagoa da Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu berriak sustatzera bideraturiko diru-kopurua.

Izan ere, 2024ko ekitaldian 7.280.000€ bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 4,8 milioi euro gehiago. Nobedade gisa, ikus-entzunezko ekoizpena (film luzeak eta laburrak) sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira, eta, era berean, aurten modalitate berri bat sortu da, nazioarteko bokazio argia eta berritzailea duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko. Modu honetara, euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagundu nahi da.

Bada, babes ekonomikoa eskatu nahi duten proiektu buruek, ondorengo kategorien artean txertatu beharko dute beren sorkuntza lana:

  1. FILM LUZEEN EKOIZPENERAKO LAGUNTZAK

5.040.000 € (lehen 2.700.000 €) bideratuko dira ondorengo modalitateen arten:

  • Zinemarako fikziozko film luzeak. 2.900.000 €-ko (iaz 1.160.000 €) aurrekontua erabiliko da 60 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren ikus-entzunezko obrak diruz laguntzeko.
  • Aurrekontu txikiko zinemarako fikziozko film luzeak. 250.000 €-ko zuzkiduraz  lagunduko dira 300.000 €-tik beherako aurrekontua duten fikziozko film luzeak.
  • Zinemarako animaziozko film luzeak. Modalitate honetako dirulaguntza kopurua 1.500.000 €-koa (iaz 600.000 €) da. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 800.000 € gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
  • Sortze-dokumentaleko film luzeak. Guztira 390.000 € bideratuko dira (iaz 260.000 €) edozein hizkuntzako sortze-dokumental luzeak laguntzeko. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 160.000,00 € gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
  1. FILM LABURREN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK

Edozein euskarritan eginda eta zinemarako diren film laburrak, 60 minutu baino gutxiagokoak, lagunduko dira diruz. Horretarako,  240.000 € (iaz 160.000 € ) aurrekontua bideratuko da.

  1. EUSKARAZKO SERIEAK EKOIZTEKO LAGUNTZA

Euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagunduko da, ikuspegi formal eta tekniko batetik. 2.000.000 €-ko aurrekontua bideratuko da modalitate honetara.

Deialdia eta epeak

Deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Alegia, ekainaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira proiektu-txostenak.

Ikusi oinarri orokorrak zein modalitate bakoitzarenak, HEMEN.