Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinemaren eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du udalerri bizkaitarrean, maiatzeko hiru ostiraletan. Euskarazko ipuin-kontaketa saioa eta bi film hartuko ditu egitasmoak.

Zinegoak hedapena 2024-getxo-zinea

Ekainaren 24tik uztailaren 1era egingo duten Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 21. edizioaren iritsi bitartean, jaialdiaren bultzatzaileak Euskal Herriko hainbat udalerritan ari dira doako “aniztasunari eta kulturari lotutako jarduerak” antolatzen. Besteak beste, Zinegoak Hedapena izenpean ikus-entzunezko lan espezializatu ugari proposatzen dizkiete herritarrei, eta maiatzean hainbat geraleku izango ditu, tartean Getxo.

Bada, hiru saio izango ditu ZG Hedapena egitasmoak udalerrian. Hilaren 10erako Titiritesa euskarazko ipuin-kontaketa saioa antolatu dute Getxo Elkartegian, eta hurrengo bi ostiraletan film bana proiektatuko dute. Bata zein bestea Romo Kultur Etxean izango dira, 19:00etan hasita.

Maiatzaren 17an, Joris Lachaisek zuzendutako Transfariana (2023) koprodukzio frantziar-kolonbiarra egongo da ikusgai, 2023ko Donostia Zinemaldian GEHITU – Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak XI. Sebastiane Latino Saria eman ziona. Jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin pantailaratuko dute.

“Trans” eta “fariana” terminoen nahasketaren ondoriozkoa da Transfariana dokumentalaren izenburua; FARCeko kide diren emakume transak izendatzeko erabiltzen da izen hori. Istorioa La Picota segurtasun handiko espetxean hasten da. Han, Jaison Murillo FARCeko komandante eta bozeramailea Laura Katalina biziarteko kartzela-zigorra ezarrita zuen emakume trans eta prostituta ohiarekin ezkondu zen. Gerrilla hasiera batean harreman horren aurka egonik, “ezkontza errebelde” horrek gerrillarien eta Bogotáko (Santa Fe) tolerantzia-eremuko elkarteetako kide transgeneroen arteko elkarrizketa –aurrekaririk gabea– ahalbidetu zuen. Pixkanaka, bi talde horien historiak elkar lotu eta euren borrokek fresko historiko hunkigarri bat osatuko dute trantsizio politikoko testuinguru batean.

Aldiz, Lillah Halla zuzendari brasildarraren Levante (2023) filma ezagutzeko tartea izango da maiatzaren 24an. Jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin emango dute. Atleta gisa bere etorkizuna definituko duen boleibol-txapelketaren bezperan, 17 urteko Sofia haurdun dagoela ohartzen da. Abortatu nahian, legez kanpokoa den herrialde batean, atxilotu nahi duen talde fundamentalista baten jomuga bihurtzen da. Baina ez Sofiak, ez maite dutenek, ez dute amore emango taldearen suhartasun itsuaren aurrean.