Artista eta zuzendari ezagunak protagonista izango dituzten lau saio programatu dira maiatzean Tabakaleran – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. June Crespok eta Maddi Barberrek, Monica Cambrak, Andrea Jaurrietak eta Maria Jerezek euren lanak partekatuko dituzte publikoarekin, eta beren lan egiteko moduei buruz gehiago jakiteko eta bakoitzaren ikuspegi sortzaileak ezagutzeko aukera emango diete.

Gero eta ohikoagoa da filmak erakusketa-aretoetan edo ikus-entzunezko piezak zinema-areto batean ikustea, eta baita bi diziplinen arteko bat-egitearen emaitzak topatzea ere. Hain zuzen ere, zinearen eta arte garaikidearen arteko gurutzaketa horretatik sortu zen Tabakalerako Erakusketarekin elkarrizketak zikloa. Maiatzean zehar, honen baitako bi saio izango dira, zentroan ikusgai dauden bi erakusketen inguruan: Larruak eta izurrak areto nagusian eta Herri bat behar da mendi bat altxaltzeko bigarren erakusketa-aretoan.

Bada, hilaren 9an, ostegunean, Larruak eta izurrak erakusketarekin elkarrizketak saioan, Core dokumentala aurkeztuko du June Crespo artista eta egileak, Maddi Barber zinemagilearekin batera. Film labur hau erakusketa-aretoan ikusgai dagoen Core piezaren ingurukoa da; materialaren eraldaketa erregistratzen du hainbat egoeraren bidez, eta itxuraz desberdinak diren bi prozesu elkartzen ditu: giza eskuek zementuzko eskulturak manipulatzea eta harriak harrobi batean erauztea eta eraldatzea. Konbergentzia horrek bi hizkuntza desberdinen arteko topaketa eta tirabira adierazten du: lengoaia eskultorikoa eta zinematografikoa. Saio berean, Nancy Holten Sun tunnels (1978) proiektatuko da. Ingurune naturalaren eta giza esku-hartzeen arteko elkarrekintza atzematen duen obra. Irudi poetikoen bidez, paisaiaren eta giza pertzepzioaren arteko harremanari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu Holtek ikusleak. Crespok eta Barberrek proiekzioen ondorengo solasaldian parte hartuko dute.

Maiatzaren 30ean, aldiz,  Situ-akzioak. Herri bat behar da mendi bat altxatzeko erakusketa egiteko gonbidatua izan den Maria Jerez artista eta zinemagilea izango da Tabakalerako zinema aretoan,  María va a a la escuela (2017) filma aurkezteko. Obra honetan, Kortrijkeko (Belgika) V-tex eskolako haurrek nederlandera irakasten diote María Jerezi. Rol-aldaketa baten bidez, dokumentalak eskola-testuinguruko botere-dinamikak aztertzen ditu, hezkuntza-politikak zalantzan jarriz eta ikaskuntzaren eta zaurgarritasunaren arteko harremana aztertuz. Irakatsi eta ikasteko prozesuari buruzko gogoeta poetikoa da.

Errealizadoreekin solasaldiak

Era berean, Tabakaleraren beste helburuetako bat da zinemagileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzea, eta, besteak beste, Kontatutako zinea bezalako proiektuei esker lortzen du hori. Proiektu horrek elkargune bat proposatzen du zuzendariek zinema-aretoan beren filmak sortzeko prozesuari buruz hitz egin dezaten.

Hala, maiatzaren 18an, Monica Cambra zuzendari eta muntatzaileak Un sol radiant (2023) bere azken lana aurkeztuko du Tabakaleran. Ariadna Fortunyrekin batera egina, kritikak goraipaturiko lana da, Espainiar Estatuko eta nazioarteko hainbat zinema jaialdietan saritua. Filmak munduaren amaiera baino lehenagoko azken egunei aurre egiten dien familia baten istorioa kontatzen du.

Aldiz, Andrea Jaurrieta zinemagile nafarraren txanda izango da maiatzaren 25ean, eta Nina (2024)  bere bigarren film luzearekin parte-hartuko du Kontatutako zinea egitasmoan. Filma maiatzaren 10ean estreinatuko da zinema-aretoetan, eta Malagako Zinemaldiaren azken edizioaren parte izan zen. Bertan, Kritika Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Sari Berezia jaso zuen.

Munduan bere lekua aurkitzeko borrokan ari den neska gazte baten erretratu intimoa aurkezten du. Begientzat liluragarria den narratiba baten bidez, Jaurrietak identitateari, desioari eta bizitzan esanahia bilatzeari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak.