Hartutako neurrien ondorioz, festibalak 62 tona CO2Eq inguru murriztuko ditu aurten, eta lehiaketa amaitzean, karbono-aztarnaren ebidentzietan oinarritutako neurketa zorrotz bat egingo dute, ingurumenean izango duen benetako inpaktua zenbaterainokoa den jakiteko eta aztarna hori konpentsatzeko.

ssiff jasangarritasuna-zinea

2021ean ingurumen-diagnostikoa aurkeztu eta aztarna ekologikoa murrizteko neurriak indartuko zituela iragarri ostean, Donostia Zinemaldiak akordioa sinatu du CREAST ikus-entzunezko eta entretenimenduko ingurumen-aholkularitzan espezializatutako enpresa teknologikoarekin. 70. edizioan emititutako karbono-aztarna neurtu eta bost urterako plan bat garatzea dute asmo, betiere, jasangarritasuna eta karbono-neutraltasuna helburu.

Emisioen alor nagusiak (energia, mugikortasuna, cateringa, materialak, hondakinak, ostatuak eta ura) aztertu ondoren, CREASTek ondorioztatu du Zinemaldiak 62 tona CO2Eq inguru murriztuko dituela aurten, dagoeneko ezarrita dauden neurrien bitartez. Festibala amaitu ondoren, lehiaketaren karbono-aztarnaren ebidentzietan oinarritutako neurketa zorrotz bat egingo dute, ingurumenean izango duen benetako inpaktua zenbaterainokoa den jakiteko eta aztarna hori konpentsatzeko.

Hartutako neurriak

Iazko diagnosiak ondorioztatu bezala, Donostia Zinemaldiaren arazo nagusiena mugikortasuna da: “Emisioen % 75 alor horretatik dator, bereziki, mundu osoko akreditatuek egindako nazioarteko bidaietatik”. Hala, murrizketa eta konpentsazioa izan dituzte aurten erronka.

Batetik, berrerabilgarriak ez diren materialak urritu eta aukera digital edo jasangarri batekin ordezkatu ahal izan diren zerbitzu edo kontratazioetara jo dute. Bestetik, Naturklima Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak abian jarri duten Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsari esker, 25.000 euro bideratu dira Zinemaldia bere emisioak konpentsatzen dituen lehen erakundea izan dadin.

Hondakinei dagokienez, festibalak paperaren inprimaketa ia osorik ezabatzea jarri du mahai-gainean: ekitaldian zehar eguneroko egunkaria, atzera begirakoaren liburua eta Filmez Film gidaliburuaren 6.000 ale mantenduko dira, baina katalogoa fisikoki inprimatzeari utziko zaio eta bertsio digital hutsean banatuko dute. Gainera, iaz gertatu bezala, alfonbra gorria birziklatua eta birziklagarria izango da, eta Kursaalek birziklatzeko lau gune izango ditu Zinemaldiko lantaldean dihardutenentzat eta akreditaziodunentzat.

Energiari dagokionez, 2021ean hasitako trantsizioari amaiera ematea da helburua. Argiztapen halogenoaren ordez, LED teknologia erabiliko da Zinemaldiak aire librean egiten dituen muntaketa-prozesu gehienetan. Kontratazioen esparruan, berriz, 0 kilometroko cateringen kopurua handitzen saiatuko da Zinemaldia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Konpromisoak

Alcarràs filmaren (Carla Simon, 2022) esperientzian oinarrituta, Nest sailak eskola magistral bat hartuko du ekoizpen jasangarriko kasu praktiko bat aztertzeko. Ariadna Dot filmaren ekoizleak (Lastor Media) eta Giovanni Pompilli Torino Green Lab laborategiko arduradunak izango dira hizlariak.

Alba Emission Free Energy taldearekin elkarlanean, gainera, klima-aldaketa arintzeko neurriak hartzera bideratutako Green Challenge proiektua bultzatuko dute, aurten, bigarrenez.

Azkenik, Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak sari berri bat emango diote Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) balioak hobekien islatzen dituen filmari.