Netflix Euskaraz ekimenaren arduradunek agerraldia egin zuten iragan larunbatean, apirilak 17, Durangoko Landako gunean euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen zein euskal komunikazioaren esparruko hainbat eragileren babespean. Streaming bidezko plataformak euskarari merezi duen lekua egiteko beharra aldarrikatu zuten, eta 20.000 sinadura biltzeko asmoa iragarri.

Otsailean jarri zuten abian Netflix Euskaraz ekimena, eta bi hilabeteko epean 10.000 sinadurako langa gainditu dute. Herritarren babes zabala ikusita, helburu berri bat jarri diote egitasmoari: datorren abenduaren 3ko Euskararen Egunerako 20.000 sinadura eskuratu nahi dituzte, Netflix plataformari eskaera egin eta honen atzean benetako interesa dagoela frogatzeko.

Agerraldian euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen zein euskal komunikabideen babesa izan zuten ekimenaren arduradunek, besteak beste, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Tinko Euskara Elkarteak, Disney + Euskaraz taldeak, Bieusek, IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, Napar Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Elkarteak, Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimenek, UEUk, Euskal Herrian Euskarazek, AEKk, Tokikomek, Game Erauntsiak eta Euskal Encodingsek babesten baitute eskaera.

Datozen asteetan, halaber, Espainiako Kongresuan egingo duten Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berriaren gaineko eztabaidan, euskal  hiztunen eskubideak defentzatzeko eskatuko diete alderdi politikoei.

Agerraldian, gainera, Disney+ Euskaraz eta 3.000 Twitz egitasmoak ekarri zituzten gogora. Lehenek ia 6.000 sinadura bildu dituzte, eta bigarrenak 4.000 sinadura inguru. Nerabeen artean bereziki modan dagoen Twitch plataforma euskaraz egoteko eskatzen dute azken horiek.