Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketa zabalduko dute gaur gaur Kutxa Kultur Plaza aretoan, Tabakalerako laugarren solairuan. Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu dute erakusketa, eta berrogeita hamar urtetik gorako hogeita hamar irudi bilduko ditu.
Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuko lantaldearenak izan dira komisariotza-lanak, Pablo La Parra EQZEko irakaslearen koordinaziopean. 2020an ekin zion Z70 proiektuak Zinemaldiaren argazki ondarea lantzeari, bi lan-ildotan aritu dira ordutik: Zinemaldiko artxiboaren argazki-funtsa kontserbatzen, katalogatzen eta ikertzen; eta Kutxatekaren bildumako funtsak aztertzen eta katalogazioa hobetzen. Bada, oraindik abian den proiektu horren lehen emaitza da erakusketa hau.
Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezkoak
Bi zentzu aitortu dizkiote «Lehen urratsen» ideiari: batetik, Zinemaldiaren lehen urratsei egiten die erreferentzia baina, aldi berean, Z70 proiektuaren esparruan Zinemaldiaren argazki-ondarean murgiltzen garen lehen aldia ere bada. Erakusketak hausnarketarako hainbat bide irekiko ditu, politikoak, generokoak eta klasekoak, zinemaldiaren estreinako edizioetako tentsioak aztertzeko.
Modu horretan, emakumeengan jarriko du arreta, baina izarren ohiko iruditik haratago: Zinemaldian parte hartu zuten emakumeak aurkeztuko dira, komunikabideen begiradatik urrun egon zirenak edota zinemaren historia ezarrian bazterrean gelditutakoak, hala nola zuzendari- edo gidoilari-lanetan aritutakoak edo langileak berak. Besteak beste, erakusketan jaso dira Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezko lehen hiru zuzendarien argazkiak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969).
Bestalde, erakusketak star zinematografikoak eraiki eta komunikabideen kontsumo- eta miresmen-objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertuko ditu. Adibide paradigmatiko gisa, komunikabideek nola eraiki zuten Marisolen rola Pepa Floresekin, Donostian 1960an lehen aldiz agertu zenetik, hamabi urte baino ez zituenean, hurrengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietara arte.
Halaber, beste tentsio puntu bat aztertuko du: herritarren artean Zinemaldiak sortzen zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artekoa, alfonbra gorriaz haragoko mundua erakusten duten argazki batzuen bidezkoa. Era berean, Zinemaldiaren alderdi instituzionalenak jasoko ditu, bai eta diktadura frankistak egin zuen instrumentalizazioa ere, erregimenaren nazioarteko erakustoki bezala erabili baitzuen.
Apirilera bitarte
Mostra gaur, otsailak 24, inauguratuko da, eta apirilaren 25era bitartean egongo da zabalik. Goizeko 9:00etatik 21:00etara astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 22:00etara larunbatetan eta 10:00etatik 21:00etara igandeetan.