Bikote eta botere harremanak aztertuko ditu zinemagile lasartearrak euskaraz eta gaztelaniaz errodatutako eta Atekaleun ekoiztetxeak babestutako lanak. Emakumeen Nazioarteko Egunean estreinatuko du Cineteca espazioan, eta hurrengo egunetan ere pantailaratuko dute.

Zarata-zinea

FID Maseille zinemaldiko Compétition Premier Film sailean mundu mailako estreinaldia izan, eta 65. ZINEBI festibaleko Epaimahai Gaztearen ZIFF Saria jaso ostean, Tamara García Iglesias zinemagileak ZARATA fikziozko film luzea aurkeztuko du Madrilgo Cineteca espazioan. Martxoaren 10ean, Sala Plató aretoan, 20:30ean hartuko du hitza; aurretik, Emakumeen Nazioarteko Egunean emango dute -Sala Plató areto, 19:30ean- , eta hilaren 12an izango du hirugarren saioa -Sala Borau aretoa, 19:00etan-.

Atekaleun ekoiztetxearen lana da ZARATA, García Igelsiasek zuzendu eta idatzi duena. Lasartearrak filma muntatu du ere, Maialen Sarasua eta Julia Gaitano laguntzaile izan dituelarik.  Soinuaren diseinuaz Ines Almirón eta Santiago Villa arduratu dira, eta azken honek konposatu du filmerako soinu banda.

Zera kontatuko du filmak: June ezkonduta dagoen zinemagile batekin geratzen ari da. Aldiz, Marian gidoia idazteko kontratatu dute. Bi lagunek harremanei eta botereari buruzko esperientziak eta pentsamenduak partekatzen dituzte taburik eta eusterik gabe. Ainara Gurrutxaga, Erika Olaizola eta Javier Barandiaran aktoreek interpretatuko dituzte hiru protagonistak.

Zuzendariak aitortu duenez, filmak “bizitza pertsonalak eta artea, edota egiten dugun hori, banatzeko ezintasuna” erakusten du: “Bizitza eta obra gauza bera dira. Gaur egungo zinemaren ekoizpen-sistemen barruan hainbat baldintzapen daude, film bat egiten lagun diezazuketenak. Baldintzapen horiek etengabeko zarata dira, lehenago edo beranduago entzun egingo ditugunak. Gure ekoizpen-sistema gu garen bezalakoak dira, pertsona jakin batzuei, pelikula batzuei, fabore egiten dietenak. Filmak planteatzen du pertsonen erabilera jakinak, besteak nahi duen hori egiteko aprobetxamenduak, sortu duena zinema egiteko sistema”.

Tamara García Iglesias

Antropologia eta zinema ikasketak burutu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean zein Buenos Airesko zinema eskolan, hurrenez hurren, eta Aguilar de Campoko Nazioarteko Film Laburren Jaialdiaren zuzendaria izan zen bost urtez. Donostiako Arteleku arte zentroan ere aritutakoa da, eta kultur kudeaketako hainbat lanetan ere parte hartu du (ELLAS 2017 programa, MACBA Buenos Aires; Imágenes Secuenciadas 2021, Artegunea Kutxa).

Atekaleun zinema ekoiztetxearen sorkuntzan parte hartu du ere, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera. Ekoiztetxearekin Ferreyra (2020) film laburra zuzendu dute eta O Gemer (Xabier Erkizia, 2021) film luze esperimentala ekoiztu. Horiez gain, El cuerpo de la mujer sin sombra (2020) eta Paraíso, cerca (2021) filmak zuzendu ditu, besteak beste.