Ekainaren 17tik 22ra ospatuko da Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamazazpigarren edizioa. Prestaketa lanetan murgilduta, kartela eta sail desberdinetako epaimahaikideak aurkeztu dituzte.

Urteko hitzorduari eutsiko dio Dock of the Bay jaialdiak: pandemiak eragindako data aldaketek baldintzatuta, inoizko edizio udatiarrena gauzatu zuten 2021ean, eta neguko giro ilunetik ihesi, udaberrian mantendu dute ordutik hitzorduaren data. Hiriko hainbat txokotan egingo dituzte emanaldiak eta iragarri dituzten jarduera paraleloak: Trueba zinema-aretoetan, Tabakaleran eta hiriko beste espazio batzuetan, hala nola hala nola Le Bukowskin, Kutxa Fundazioan (Kluba eta Plaża) eta Santa Teresa komentuan.

Aurtengo honetan ere Primo Estudioa arduratu da festibalaren irudia diseinatzeaz. Iazko ildoari jarraituz, mugimenduaren ideiatik abiatzen da irudia, musika modu poetiko eta bisual batean irudikatzeko modu gisa. Jone Amezaga dantzaria da karteleko protagonista, Alex Iturralde argazkilariaren laguntzaz, bi orduko shooting batean eta 120 beat/min-ko musikaz, hainbat argazki eta bideo egin zituzten jaialdiaren grafiko orokorra diseinatzeko. Zuri-beltzeko irudiak, saiatzen direnak Joneren mugimenduak modu adierazgarri eta gordin batean islatzen; atzean, pareta zuria, besterik ez.

Horrekin batera, sail desberdinetako epaimahaikideak aurkeztu dituzte ere.  Film luzeen atal lehiakorrari dagokionez, Mariona Borrull zinema-kritikariak, Josetxo Cerdán katedradunak eta Gorka Urbizu musikariak  izango dute palmaresa ebazteko ardura. Film laburren atalaren kasuan, aldiz, Virginia Garcia del Pino zuzendaria eta ikus-entzunezko artistak, Jorge Tur Monto zinemagilea eta Antonio Arias musikariak.

Lanak aurkezteko epea, itxita

Nazioarteko film luze eta laburren lehiaketara lanak bidaltzeko epea otsailaren 15era arte egon da zabalik.

Halabeharrez, musika arloa gaitzat duten filmak aurkez zitezkeen deialdira, “arlo horren edozein alderditan, eta narratiba konbentzionalen mugekin esperimentatzen dutenak, baldin eta musika bada diskurtsoaren muina”. Oinarrietan gaineratu zutenez, “jatorrizko hizkuntza gaztelania ez duten film guztiak ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluekin bidali beharko dira”. Euskara ez da, beraz, ezinbestekoa izan 2024ko edizioan ere ez.