Claude Chabrol frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren azken filma pantailaratuko dute; zinema areto komertzialetara iritsi ez diren hiru film garaikidek osatuko dute egitaraua. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu Trueba aretoan egingo dituzten saioetara bertaratzeko.

kresala zinekluba-2024-maiatza

Egunak luzatzen doaz, eta aldiro eguzkiak berotu egiten du, baina Donostiako Kresala Zineklubeko kideek finko mantentzen dute astearteroko eskaintza. Maiatzean ere hala izango da, iragarri dutenez, atsedenik hartuko ez baitute. La bête dans la jungle (Patric Chiha, 2023) film frantziarrarekin jarriko dira martxan, hilaren 7an: Henry Jamesen izen bereko eleberriaren egokitzapen librea da. Istorioa 25 urtez (1979tik 2004ra)  luzatuko da, gau-klub erraldoi batean girotuta dagoena. Gizon bat eta emakume bat gertaera ezezagun bati begira eta zain daude; bitartean disko musika tekno bilakatuko da, obsesio baten istorioaren soinu-banda gisa.

Apirilean huts egin ostean, Claude Chabrol zinemagileri eskaintzen ari zaion atzera begirakoa berrartuko du zineklubak maiatzaren 14an, sortako azkena izango dena: Merci pour le chocolat (2000). Mika Muller, Chocolates Mullerren zuzendari nagusia, da protagonista. Itxura xarmagarri eta delikatua duen emakumea da, bere inguruan dauden guztiak kontrolatzera ohituta dgoena. Suitzan bizi da bere senarrarekin, Andre Polanski piano-jotzaile ospetsuarekin, eta honen semearekin, Guillaumerekin. Maisu baten bila datorren piano-jole gazte batek  André bisitatzen duenean, Mikak familiaren egonkortasuna mehatxatuta sentituko du.

Hilaren 21ean, aldiz, Sometimes I Think About Dying (Rachel Lambert, 2023) pantailaratuko dute: asperdurari aurre egiteko, hiltzeko modu ezberdinei buruz pentsatzea gustatzen zaio Fani. Lankide berri bat bulegoan ezagutuko duenean harekin intimatzen hasiko da, duen babes-burbuila ezbaian jarriz.

Azkenik, Iñaki Ortiz El Contraplano atariko kritikariak Die Theorie von Allem (Timm Kröger, 2023) film alemaniarra aurkeztuko du: 1962. urtea. Johannes Leinert, bere doktore-tesiko tutorearekin batera, fisikako kongresu batera doa Suitzako Alpeetara. Bertan, Irango zientzialari batek “mekanika kuantikoaren teoria iraultzaile” bat ezagutzera emango du, baina gonbidatua ez da inon ageri.

Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako (apirilaren 8koa salbu). Parte hartu ondoko estekan.