Pek Jia Hao & Ang Jia Junek zuzendutako Beyond The Other Shore lanak eskuratu du ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioko Sari Nagusia film laburren kategorian, eta Maciek Hamelaren In the Rearview izan da IFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketaren garaile. Euskal filmei dagokienean, Itziar Leemansen Ximinoa nagusitu da.

Singapurko zinema berriak eta Ukrainako gerrari buruzko ikuspegi humanista gailendu dira ZINEBI jaialdiko 65. edizioaren palmaresean. Film laburrei dagokienean, Pek Jia Hao & Ang Jia Junek zuzendutako Beyond The Other Shore (2023) lanak eskuratu du lan onenaren saria,  7.000 €-koa. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “bikain menderatutako zinematografia baten bidez, poesiaz betetako film labur honek dolu gogorraren bidetik garamatza, eta fintasun handiz, ikusleoi protagonistaren barne sentimenduen eta haren fisikoaren artean murgiltzeko aukera ematen digu, hilkortasunari, sinesmenei eta denboraren joanari guk geuk dugun pertzepzioari aurre egiteko”.

Ximinoa (Itziar Leemans, 2023) film laburrak eskuratu duen Euskal Zinemaren Sari Nagusiak osatzen du Sail Ofizialaren lehiaketa. Epaimahaiak adierazi duenez, “bere apustu formal eta estetikoaren argitasuna alde batera utzi gabe, film laburrak poliki-poliki giro klaustrofobiko batean murgiltzen gaitu, eta protagonistak nahitaez esnatzen du, klase-kontzientzia hartzean”.

Horiekin batera ere, Espainiako Zinemaren Sari Nagusia banatu dute ere. Alejandro Cabreraren El Soldado (2023) dokumentalak lortu du, epaimahaiak haren “benetakotasuna” nabarmenduta:“Espainiako landa eremuan errotutako dokumental honek arreta handiz erakusten du oroitzapenen bilaketa, baina baita denboran zehar zer geratzen den eta zer falta den ere”. Era berean, generoen araberako Mikeldi Sariak ere banatu dituzte: fikziozko film labur onenaren saria It Turns Blue (Abi mishavad) (2023) lanarentzat; animaziozko film labur onenaren saria La perra (2023) koprodukzioari; eta dokumental labur onenaren saria The Veiled City (2023) filmarentzat.

Aldiz, ZIFF – ZINEBI First Film Lehiaketaren sariari dagokionean,  Maciek Hamelaren In the Rearview (Skąd dokąd) (2023) izan da garaile, golardoari dagozkion 12.000€-ak eskuratuta.  Gazte Epaimahaiaren Saria (ZIFF), 2.000 eurokoa, Tamara Garcia Iglesiasen Zarata euskal filmak jaso du.

Ikusi palmaresa xehe, HEMEN.

Euskal filmen arrasto sakona

  • Euskal Zinemaren Sari Nagusia: Ximinoa, Itziar Leemans
  • ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria: Zarata, Tamara Garcia Iglesias
  • Cineclub FAS saria: Kusikozu, Aitor Irulegi
  • Zinebi Networking EITB saria: La isla sumergida, Lucia Malandro eta Daniel Saucedo
  • ECAM Impulso saria: Inmersas en el imserso, Aitor Arruti
  • Aukera – (H)emen saria: Mi reina, Irene Royo
  • Aukera – Sortzaileak saria: Ezagutzen ditugun bekain guztiak, Marta Codesido eta Nuria Ubach
  • Aukera – Nazioartekotze Zineuskadi saria: Ezagutzen ditugun bekain guztiak, Marta Codesido eta Nuria Ubach
  • Aukera – Bizkaiko Foru Aldundia saria: Gure gozamena, Amaia Chocarro