Turkiako Zinemari eskainitako zikloa, Zinema eta Arkitekturaren 14. edizioa eta Europako Zinema Garaikidearen zikloa hartuko ditu filmategiaren eskaintzak.
Jean-Luc Godard zinemagile suitzarraren opera prima pantailaratuz abiatuko du Nafarroako Filmotekak maiatzerako prestatu duen egitaraua. 50 urte bete dira erakundeak, Oberena Zine Klubak antolatua, zinema frantziarrari eskainitako zikloaren baitan À bout de souffle (1960) aurrenekoz eman zuenetik, eta hain zuzen ere, zineklubari omenaldia eginez, zinemaren historiako film mugarri hau aurkeztuko du Javier Torrens bertako presidente eta sortzaileak.
Bihar, aldiz, Turkiako Zinema zikloa abiatuko dute, ostiralero film bana hartuko duena. 1914ko data du herrialdean ezagun den lehen pelikulak, eta ordutik, mundu gerrak eta Europan gertatutako iraultzak medio, film andana errodatu dira. 70eko hamarkadan azkar hazi zen industria, urtean 200 lan inguru ekoizteraino, eta 80ko hamarkadatik aurrera jo zuen goia. Bada, Yunus Emre Centro Cultural Turco Institutuak aukeratutako sorta eskainiko dute Nafarroako Filmotekan: Yol (Tilmaz Güney, 1981), Bal (Semith Kaplanoglu, 2010), Bir zamanlar Anadolu’da (Nuri Bilge Ceylan, 2011), Kelebeğin Rüyası (Yilmaz Erdogan, 2013) eta Unutursam Fisilda (Çağan Irmak, 2014).
Larunbatetan, bestalde, Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Europaren Astearen baitan, kontinente zaharreko bizimoduaren erakusgarri diren filmak pantailaratuko dituzte, Civivox Kondestable aretoan. Zinema Europar Garaikidea zikloa ondoko lanek osatuko dute: Kona fer í stríð (Benedikt Erlingsson, 2018) islandiarra, Donbass (Sergei Loznitsa, 2018) ukrainarra, Call Me By Your Name (Luca Guadagnino, 2017) italiarra eta La fracture (Catherine Corsini, 2021) frantziarra.
Asteazkenetan, zinema eta arkitekturaren arteko loturak aztertuko dituzte, egitasmoaren 14. edizioan. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) Nafarroako ordezkaritzaren eskutik, hirigintzaren edo diseinuaren mundura hurbilduko gaituzten lanak proposatuko dituzte: Una vida no tan simple (Félix Viscarret, 2023), Skin of Glass (Denise Zmekhol, 2023), Los sueños de otros (Pep Martín eta Xavi Campreciós, 2019) eta Lucien Hervé: photographe malgré lui (Gerrit Messiaen, 2013).
Maiatzeko saio bereziei dagokienez, Museoen Nazioarteko Egunaren harira (The Savior for Sale: The Story of the Salvator Mundi (Antone Citkine, 2021) emango dute, eta Ateneok aurkezten du… atalean Milleniumk Manbo (Hou Hsiao-Hsien, 2001) egongo da ikusgai. Punto de Vista Fokuan Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1975) harribitxia berreskuratuko dute, eta Nafarroako Filmoteka sailean No mires a los ojos (Félix Viscarret) zein La huerta de la esquina (Manuel Bateo Rodenas eta Estefanía Bravo, 2022) ekoizpen nafarrek osatuko dute programazioa.
Maiatzeko egitarauari buruzko informazio zehatzagoa, HEMEN.