Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzenduriko ARNASA BETEAN. EMAKUME ZINEGILEAK (2023) filma Oiartzunen eta Iruñean emango dute. Emanaldiak otsailaren 1ean eta 7an programatu dira, eta zuzendariak bertan izanen dira.

Gaur bertan, otsailaren 1a, egingo dute Oiartzungo proiekzioa; 19:30ean Landetxe Kultur Etxean (Landetxe plaza). Sarrerak 3 euroko prezioa izango du, eta lanaren zuzendariak izango dira bertan filma aurkeztu eta publikoarekin solasteko.

Horrez gain, filma Iruñean proiektatuko da otsailaren 7an. Emanaldia Nafarroako Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatu dute, 19:30etik aurrera, Civivox Kondestableren Areto Nagusian. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete artean, eta zuzendariek aurkezpena eta solasaldia euskaraz egingo dute.

Emakume zinemagileak

Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman ere bai. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen, eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen ARNASA BETEAN. EMAKUME ZINEGILEAK (2023) dokumentalarekin ospatu dute Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia zuzendariek.

Emakumezko hiru urpekariren bidaiaren bidez, hamarnaka emakumek egindako lanari errepasoa eman dio lanak, euren begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ahaleginetatik eta, batez, ere, zinemari eta gizarteari egin dioten ekarpenetik. Hala, aitzindari eta bide urratzaile izandako horien eta, egun, zinema-jaialdietan arrakasta ezagutzen ari diren gazteen testigantzak jarriko erdigunean.

Bada, dokumental-film luzea 2022ko iraila eta abendua bitartean filmatu zuten Euskal Herriko Hainbat txokotan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel eta Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorkan. Arestian aipatu bezala, atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileak ditu protagonista: Maria Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola; Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel; Amaren eskuak; Erlauntza), Lara Izagirre (Nora; Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos), Ana Diez (Todo esta oscuro; Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano); Isabel Herguera (Amore D’Inverno;  El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful; Dardara), Arantza Santesteban (918 GAU), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte; ¡Qué vecinos tan animales!)

Era berean, filmak Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen analisia ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri ArinMorgane BaudAinhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariek parte hartu dute.

Irakurri Ines Arrue kideak gurean idatzitako kritika, HEMEN.