ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Frederick Wisemani (Boston, AEB, 1930) emango dio bere 65. edizioko Ohorezko Mikeldi Saria, dokumental zinematografikotzat hartzen duguna definitzen egindako ekarpen erabakigarriagatik. Bilbon, azaroaren 10ean, egingo den irekiera ekitaldian jasoko du golardoa.

Ia 94 urterekin, bere filmografia zabalak (50 film luze inguru, film laburrak telesailak) zinemagile mitiko baten aura eman dio justiziaz, film dokumental berri bakoitzean Titicut Follies (1967) hastapeneko lanean frogatu zuen intuizio bera erakusten jarraitzeko gai dena.  Lehen film luze harekin – eta haren ondotik heldutako Law and Order (1969), Juvenile Court (1973), Meat, (1976) edo Near Death (1989) lanekin, besteak beste –, gutxik bezala, zinemak helburu utopikoa hedatzeko duen balioa defendatu zuen, hau da, filmen irudien eta soinuen erabilera, ikuslea filmazioaren lekuan ipintzeko.

Wisemanek, bere film guztiak ekoitzi eta zuzendu ditu. AEBetako erakundeak erretratatzen ditu ia beti –State Legislature (2007), At Berkeley (2013), National Gallery (2014), Ex Libris (2017) edo Monrovia, Indiana (2018) esaterako-, eta PBS telebista publikoko kate estatubatuarrean emititu dira, beren proiektuak finantzatu dituzten erakunde nagusietako batean.

Film hauen estiloa behaketa-modutzat hartzen da askotan, eta zuzeneko zineman ditu sustraiak. Wiseman, ordea, bere aurreko eta belaunaldiko kideengandik -D. A. Pennebaker,  Richard Leacock, Maysles anaiak…- aldenduz joan zen bere film guztiak edozein erabaki zinematografikok dakarren subjektibotasunaz tindatuta daudela defendatzean.

Ibilbide zinematografiko horren aurrean, ZINEBIK azpimarratu du zinemagileak jasotako sariak “oso ugariak” izan direla: 2016an Ohorezko Oscar saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik. Cannesen, Venezian, Turinen edo Jihlavan ere aintzatetsi dute zinemagilea eta, duela urte batzuk IDAren (International Documentary Association), Argazkilaritza Zuzendarien Amerikako Elkartearen (American Society of Cinematographers) eta Los Angelesko eta New Yorkeko Zinema Kritikarien Elkartearen Ohorezko Sariak jaso zituen.

Wisemanek azaroaren 10ean, Arriaga Antzokiak hartuko duen irekiera ekitaldian, jasoko Ohorezko Mikeldi saria. Jarraian, Beautiful Docs. Munduko dokumentalen panorama sailaren barruan, bere azken filmaren emanaldiaz gozatuko dute ikusleek: Menus Plaisirs – Les Troisgros (2023). Lanak Venezian izan zuen mundu mailako estreinaldia duela hilabete bat.