Istorioz inguratuta bizi gara, istorioz beteta gagoz eta beti gabiltza istorio gosez. Robert Mckee gidoilariaren aburuz: “Egun, gizarteak pelikula, nobela, antzezlan etab. ugari ikusten ditu, gizakion barne koherentzia falta eta kaos horrek sortzen dituen zalantzak kendu nahian. Entretenitzeko ere balio dute, noski”.

Gure arbasoak ere “storyteller” finak ziren.

“Storytelling” kontzeptu modernoa, istorioak ondo kontatzeko gaitasuna da, asko erabiltzen dena, egun, marketing arloan. Baina gure arbasoak ere “storyteller” finak ziren, han ibiltzen baitziren suaren inguruan kontu-kontari gaueko mamuak uxatzen. Gure historian istorioak eta mezuak transmititzeko makina bat medio erabili izan dira: erromantzeak, irrintziak, kopla zaharrak eta bertsolaritza erabiliz (ahozko adierazpenean) telegrafoa, kartak, faxa, literatura, poesia, prentsa idatzia (idatzizkoan), morsea, sirenak, itsasargiak, telefonoa, mimika, antzerkia, musika, zinema, telebista eta, azkenik, interneta.

Gizakiok istorioak maite doguz, gertatzen diran abenturak eta anekdotak guregan eragiten dutelako, freskura dakartelako eta azken finean, gainontzekoen anekdota bitxi, abentura zoro edota gertaera dramatikoekin enpatizatzen dogulako. Baina zuretzako, zein usain dake istorioek? Aumeren etxeko armairuan topatu berri dozun liburu marroixka horrek? Baiona Ttipiko boulangerie hark? Kafe-Antzokitik irtendakoan, etxera bidean, mutil harekin izandako elkarrizketa berezi hark? Edota zein usain zegoan estreinakoz “Pa Negre” ikusi zenuen areto zaharkitu hartan? Usainek eragiten al doskue istorioa bizitzeko eta interpretatzeko orduan?

Gogoan dot, txikitan, domekero, ondarrun, bazkal ostean atxitxek ipuinak kontatzen zoskuzela, Aitziber (ahizpa gaztea) eta bixok, berarekin etzaten ginan bere ohean, itsasora begira, pozik, goxo eta trankil.

Batzuetan, berak, arrantzale gisa, Afrika inguruan bizi izandako itsasoko abenturak izaten ziran, beste batzuetan, aldiz, berak asmatutako ‘Gallego Txikixe’ pertsonaiaren pasadizoak. Akordatzen naiz askotan ezin izaten zittuala istorioak amaitu barrez lehertzen zalako bere abentura komikoekin edo berba berezi batekin. Oso pertsona maitakorra zen, oso potxoloa, beti gurekin olgetarako eta amesteko prest. Sekulako bidaiak egiten genittuan ohetik mugitu barik. Kuriosoa zan, izan ere, egun batean Somaliako piratekin geunden itsasoan eta besteetan, berriz, Ondarrun bertan ’Gallego Txikixan’ peripezia surrealisten artean. Baina usaina beti zan berbera: gure atxitxena.
Istorio batzuk ahaztu egiten jakuz, baina ez, ordea, euren esentzia, euren usaina.

 

| #InMemoriam Jazinto Zendoia Urresti, Ondarroa (1927-2015) |