Urtero legez, sail ofizialean lehiatuko diren euskal ekoizpenak proiektatuz ekin dio ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak hitzorduari. 65. edizioa du dagoeneko festibalak, eta zinemazale, hiritar eta bizilagunei lurraldean ondutako lanak pantaila handian ikusteko aukera eskaini diete. Ohorezko Mikeldiaren hartzailea ere, gainera, aspaldiko ezagun bat izan da: Felix Linares zinema kritikaria eta kazetariak Arriaga Antzokira bertaratutako guztien txali-zaparradaren pean jaso du bere ibilbide profesionalaren aitortza; aldiz, Frederick Wiseman dokumentalgile estatubatuarrak ezin izan du bilbotarren berotasuna bertatik bertara sentitu, osasun egoerak okerrera eginda ospitaleratu egin behar izan baitute errekonozitua izan bezperan.

Omenaldiak bukatuta, antzokiko argiak itzali eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako zazpi euskal produkzioak ezagutzeko tartea egon da, gehienak (denak ere), emakume zinemagileek zuzendu edota protagonista izan dituztenak.

felix linares-zinebi-zinea

Felix Linares, ZINEBI65eko Ohorezko Mikeldia jasotzen

Borroka feminista eta ahalduntzea dira Isabel Herguera animaziogile donostiarraren lan berrienaren ardatza, KIMUAK katalogoaren parte dena. 71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu duen Sultanaren ametsa opera primaren ildoari jarraiki, bizipen pertsonaletan oinarrituta dago LA MUJER ILUSTRADA, hain zuzen ere, bere proiektu luze honen baitan koka daitekeena. Indiako Ahmedabad herrian animazio tailer bat ematen duen Isabel jarraituz, Sultana’s Dream ipuin utopiko feministaren berri nola duen gogoraraziko digu.

Hergueraren lana bezala, Itziar Leemansen XIMINOA ere Zineuskadik kudeatutako bilduman hautatu dute, eta estreinakoz ikusi ahal izan da publikoki. Negu-giroan sartuta bagaude ere, donibane-lohitzunetarraren obrak duen erritmo patxadatsu eta udatiarrak itsasondoan lasai asko deskantsatzeko gogoa piztuko digu, nahiz eta ezkutuan auzi oso serioez ari zaigun. Arbaso euskaldunak dituen familia paristar baten alabatxoa zaintzeko ardura hartuko du Junek, bere aurreneko lana izango dena. Jardunean ari dela, baina, prekarietatea, klase-mailaketa eta axolagabetasuna ezagutuko ditu. Frantziako lurraldeko opor-toki nagusi izanik, familia burges eta aberatsen handinahia asetzeko neskame/tximino dira Iparraldeko euskaldunak; beren identitatea (eta tartean, hizkuntza) ukatuz, guztiz alienatuta, bertako bizilagunak harrapatuta eta gutxiagotuta daudela salatuko du Leemansek.

ximinoa-zinea

‘Ximinoa’, Itziar Leemans

Bestalde, Ren Ebel artista kaliforniarrarekin batera ondutako IN A NEARBY FIELD obran egunerokotasuneko eszenak paisaia oparoak, eta bizitza osatzen eta eusten duten une iragankorrak uztartu ditu Laida Lertxundik. 2016an errodatu zuen 025 Sunset Red dokumentalaren ildoari jarraituz -ingurugiro afektibo desberdinak ikertu zituen bertan, bi testuinguru soziopolitiko jakini dagozkienak, Euskal Herriari eta Kaliforniari, hain zuzen ere-, collage eran elkartu ditu errutinaren, eta egunez egunekoaren pultsioak. Home-movie delakotik oso gertu, jolasean ari diren haurrak, kamerari helduta ageri diren gazteak, dantzan dabiltzanak, patatak zuritzen, etxeko lanak egiten… erretratatu ditu materia analogikoaren defentsa sutsua ere eginez.

Bada, halaxe filmatu ditu David Perez Sañudo bilbotarrak bere fikzio berriko bi aktore protagonistak ere: Itziar Ituño eta Patricia Lopez Arnaiz. Formatu akademikoan, eta irudiaren jatorrizko testura gordin eta bizia goratuz, bi ahizpen istorioa ekarri digu. Hitzari baino, euskal zinemagintza garaikidearen bi erreginen presentziari, gorputz-jarrerari eta kamera aurrean duten indarrari eman die lehentasuna. Ikus-entzunezko lengoaia maneiatzen inork bezain ondo dakiela erakutsi du Sañudok, eta ohikoa duen umore satiriko eta (ia) absurdoa erabiliaz, txartuta dagoen merenge batek eragindako ondoeza du abiapuntu AGRIOn. Bi ahizpen arteko tirabirak, iraganeko zauriak, jelosiak, baina  baita ere elkarrekiko maitasuna eta konplizitatea kontatu ditu, eraginkorki.

agrio-zinea

‘Agrio’, David Perez Sañudo

Eneko Sagardoy durangarrak ere punta-puntako aktore-taldea izan du bidelagun BETIKO GAUA bere aurreneko obran: Elena Irureta eta Miren Gaztañaga. Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen proiektua da ZINEBI65eko film laburren lehiaketan euskara hutsez errodatutako lan bakarra. Ama-alabaren roletan, batak bestea jarraituko du errepidean zehar, eta autoak gasolindegi batean geldituko direnean iradokiko zaigu ihesaren zergatia. Estetikari erreparatuz thriller eta noir itxura badu ere, guztiz bestelako proposamena da Sagardoyrena, bihotzetara zuzendutakoa. Agurrari buruz ari zaigu hizketan, elkarrekin pasatako urteen nostalgiaz, eta maite ditugunak betiko aldentzen zaizkigunean sentitzen dugun bakardade eta hustasun sentipenaz. Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregiren konposizio musikatuak lagunduta, film laburraren bigarren zatia zirraragarria da, 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968) maisulanaren azken trantze hipnotikoa gogora ekartzen duena.

betiko gaua-zinea

‘Betiko gaua’, Eneko Sagardoy

Joana Moya bilbotarrak ere debuta egin du ZINEBIn, TODO LO CUBRE LA SAL saiakera bisualarekin. Hondarribiako, Orioko eta Getariako emakume saregileen esperientzietan arreta jarriz, jardunbide tradizionala erakusteko poetika propio eta askea erabili du; langileen eskuak motibo jarraikorra izanik, koadro/plano bakoitzaren egituraketa geometriko eta piktorikoan sakondu du. Azkenik, Bruno Carnide zinemagile portugaldarrak euskal koprodukzioa duen MEMORIES OF AN EMPTY HOUSE / MEMÓRIAS DE UMA CASA VAZIA aurkeztu du, Cátia Biscaiaren argumentu batetik abiatutako istorioa. Iberiar penintsulan eta Amerikako Estatu Batuetan errodatu du, analogikoa eta digitala, zuri-beltza eta kolorea, uztartuz. Eguneroko baten itxura hartuz, idatzitako gutunekin osatutako puzzlea eraiki du, memoria zatikatuaren eta oroitzapenetan babestuz.