Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Tasio (1984) filma aurkeztu du Montxo Armendariz zinemagile nafarrak Cannes Classic atalean. Euskal Herrian, 2024ko Donostia Zinemaldian izango dugu pantaila handian ikusteko aukera, Klasikoak ziklo eraberrituko programa irekiko baitu.

Tasio-aurkezpena-cannes-zinea

“Ohorea da hemen egotea. Espero dut bere printzipioei leial eta natura maitatuz bizi izan zen pertsona bati buruzko film hau gustatzea”. Hitzokin aurkeztu du Montxo Armendarizek dagoeneko klasiko bilakatu den Tasio opera prima Cannesko Zinema Jaialdian. Galtzear zen ikazkin ogibideari buruzko lana 1984ko Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu  zen, eta 40 urte geroago, Euskadiko Filmategiak 4Kn zaharberritu du Boloniako Cinetecaren L’immagine Ritrovata laborategietan. Cannes Classic atalean erakutsi zuten atzo,  harribitxiz osatutako aukeraketaren baitan.

Armendarizekin batera, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Sophie de Mac Mahon Mercury Filmseko (pelikularen jabea) arduraduna, Frédéric Maire Suitzako Cinematecaren zuzendaria; eta Thierry Frémaux, Cannesko zinema-jaialdiaren zuzendaria izan dira Buñuel aretoan, eta bertaratu diren kazetari eta ikus-entzuleek “txalo hunkigarri batekin” egin diote harrera filmari.

Fernandezek Tasio-ren zaharberritze prozesuan parte hartu duten erakunde eta profesionalei eskerrak eman dizkie ekitaldian. Artean, Elías Querejeta ekoizlea eta duela gutxi zendutako Laurent Cantet zinemagilea izan ditu gogoan, eta Gernikakoa arbola abestiaren bertso bati aipamena eginez  -“eman ta zabal zazu”-  borobildu du hitzartzea: “Euskal zinemak bere fruituak eman ditu eta horiek zabaltzea da gure lana”. Halaber, Iturbek filmak “gizarte baten eta gari baten balioak oso ondo islatzen” dituela nabarmendu du: “Gure lurraren balioak irudikatzen dituen film Cannesko zinema-jaialdian egotea mugarri bat da”.

Tasio filmaren jatorrizko materiala Espainiako Filmategian izan dute gordeta, eta 2023ko irailean Boloniara bidali ostean, urrian eta azaroan berraztertu, konpondu eta ultrasoinuekin garbitu dute: irudia egonkortu, marrak nahiz zikinkeria ezabatu, kolorea zuzendu eta soinua zaharberritu. Armendarizek bertatik bertara ikuskatu du prozesua eta adierazi du laborategira sartu eta pantailan filmaren izenburua zuen fotograma izoztua ikusterakoan, “estreinaldiaren eguneko zirrara berbera” sentitu zuela: “Amets bat egia bihurtzen ikustearen poza. Fotokimikotik irudiak gogoratzen nituen bezalaxe berreskuratzeaz gain, irudi horiekin batera nire bizitzako zatiak ere berreskuratu nituen: eszena bakoitza ikuskatu ahala, momentu ahaztezinak eta pertsona kuttunak agertu ziren, beren argi-ilunekin, oroitzapenak fotogrametan harrapatuta geratu balira bezala eta denbora pasatze hutsagatik desagertzea onartuko ez balute bezala”.

Euskal zinema nazioartera begira

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker burutu dute Tasio-ren zaharberritze prozesua, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta. Bada Zupiri sailburuak “albiste ona” dela iritzi zuen Donostiako Tabakaleran prozesuaren xehetasunak argitu zituztenean. Gaur egungo teknologiak erabiliz ondarea gizartearen esku uztearen garrantziaz mintzatu zen: “Beharrezkoa da herri baten kultura ondasunak zaintzea eta gizarteratzea, hurrengo belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko. Tasio pelikularekin egin nahi izan duguna horixe da. Zaharberritu, egungo beharrizanetara egokitu eta gizartearen eskura jarri. Nazioartean ere merezi duen aintzatespena jasotzeko Cannesko klasikoen sailean erakustea gauza handia da”.

Tasio filma zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatzeko asmoa du Euskadiko Filmategiak. Dagoeneko jakina da 72. Donostia Zinemaldiko Klasikoak saila abiatuko duela -zinema unibertsalaren historiako lan zahar eta modernoak berreskuratzen dituen atala- eta 2025ean Ipar Euskal Herrian zein Frantzian egongo da ikusgai; Tamasa banatzaile frantziarrak hura proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

Armendarizen opera primaren zaharberritzea mugarria izango da gainera, izan ere, agerraldian Fernandezek aurreratu duenez, “euskal zinemagintzako titulu nagusiak zaharberritzeko proiektuari” ekin diote jada, “nazioartean gure zinemari ere ‘klasiko’ kontzeptua txertatzeko asmoz”.