Jean-Baptiste Liautarden lanak hirugarren saria irabazi du CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkifintza lehiaketan. Mendiko txirrindulari bat ageri da bertan, Guatemalako Volcán de Fuego sumendia erupzio betean duelarik atzean.

MENDI FILM 2024 POSTER_bertikala

Mendi jardueretako nazioarteko argazki onenen erakusleiho izan ohi da CVCEPHOTO lehiaketa urtero, eta saria, berezia oso. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko kartel ofiziala izatearen ohorea du aukeratutakoak, 700 euro jasotzeaz gainera.

Abenduaren 6tik 15era bitartean ospatuko da 17. edizioa, eta dagoeneko Mendi Film elkarteak jakitera eman du 2024ko zinemaldiaren kartela izango dena. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako argazkilaritza lehiaketaren hirugarren saria irabazi duen Fuego izenez sinatutako obrak irudikatuko du Bilbon lehenik, eta Euskal Herri osoan zein Espainiako Estatuko zenbait herritan gero, gauzatuko den zinema jaialdia.

Mendi bizikleta jo-puntu dituen argazkiak atera ohi dituen Jean-Baptiste Liautard da sortzailea, eta hain zuzen ere, halaxe egin du Fuego-n. Acatenango menditik erretratatutako Guatemalako Volcán de Fuego sumendia ageri da. Erupzio betean dago, laba jario bizian, eta mendiko txirrindulari bat -Kilian Born- aldapan behera doa, gauez, kopetako argiaz eta sumendiaren erupzio eta laba jarioaz gidatuz bere bidea. Liaturdek honela azaldu du argazkia: “Erupzioa bi kilometro urrunago gertatzen ari zen, laba airean 500 metrora jaurtiz. Unea harrapatzea oso zaila izan zen, ezin baikenituen leherketak aurreikusi”.

Argazkilari frantziarrak hiru sari irabazi ditu CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan, tartea sari nagusia The Dune argazkiarekin.