Andrea Jaurrieta zinemagile nafarrak Nina filmaren sortze-prozesua azaldu eta filma existitu ahal izateko landu dituen materialak partekatuko ditu publikoarekin, datorren maiatzaren 25ean. Hilaren 10ean estreinatu berri du bere bigarren film luzea Estatuko zinema-areto nagusietan.

Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek: Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.

Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar.

Saio bakoitzean, film baten sormen prozesua izan ohi dute hizpide, filma beraren emaitza baino.

Nina, Andrea Jaurrieta

Andrea Jaurrieta zuzendari nafarrak maiatzaren 10ean estreinatu du zine-aretoetan bere bigarren film luzea, Nina. Malagako Zinemaldiaren azken edizioaren parte izan zen, eta Kritikaren Zilarrezko Biznaga Sari Berezia jaso zuen bertan. Zuzendariak filma sortzeko prozesua eta Nina existitu ahal izateko landu dituen materialak partekatuko ditu publikoarekin Tabakaleran, hilaren 25ean.

Zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea da Jaurrieta. Bere opera prima, Ana de día (2018), berak ekoizturikoa ere, Espainiar Estatuko eta nazioarteko 30 zinemaldi baino gehiagotan aurkeztu zen, eta 12 sari irabazi zituen; halaber, 2019ko Zuzendaritza Berri Onenaren Goya sarirako hautagai izan zen.

Aurretik, bere film laburrak zinemaldi ugaritan hautatuak izan dira eta bere bideo-sorkuntzetako batzuk Espainiako eta nazioarteko erakunde kulturaletan erakutsi dira. 2015ean merezidun gisa lan egin zuen Pedro Almodovarren Julieta filmean.