KBulegoak lurraldeko kulturgileei zuzenduriko Dirulaguntza lerroen aurkezpen teknikoa formakuntza saioa eskainiko du maiatzaren 28an, 2024 aldiko deialdien xehetasunak azaldu eta zalantzak argitzeko. Streaming bidez jarraitu ahal izango da, euskaraz edota gaztelaniaz.

Gipuzkoako kultur sektoreko profesionalei kontsulta eta bidelaguntza zerbitzu publikoa eskaintzeko xedez jaio zen Kbulegoa. Aholkularitza eskaintzen die lurraldeko pertsona, talde eta erakundeei, amateurrak nahiz profesionalak izan, proiektuen jasangarritasuna eta sektorearen profesionalizazio hoberena bultzatzeko helburuarekin.

Era berean, egitasmoen sortze prozesuetan lagundu eta izapideak kudeatzeko informazioaren zabalkundean lan egiten du, eta baita proiektuak sortu eta garatzeko euskarri lagungarriak sortu ere. Horretarako, beharrezko informazioa etengabe bilatzen eta aztertzen dihardute, suertatzen diren beharrei egoki erantzuteko.

Bada, azken xede honi lotuta prestatu dute maiatzaren 28an, asteartean, eskainiko duten formakuntza saioa. Dirulaguntza lerroen aurkezpen teknikoa saioa izenpean, aldundiko teknikariek 2024ari dagozkion deialdien xehetasunak azalduko dituzte, eta baita horietan emandako aldaketak ere.

Formakuntza saioa streaming bidez egingo da, baina ez da grabatuko. Alegia, zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bakarrik. Bina saio egingo dituzte: lehena euskaraz, 11:00etatik 12:00etara; eta, bigarrena, gaztelaniaz, 12:30etik 13:30era. Izen-ematea burutzerakoan adierazi beharko dute interesatuek batean ala bestean parte hartuko duten.

Esteka honen bidez gauzatu ahalko da inskripzioa, maiatzaren 24ra bitartean.