Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak eta Tabakalerak elkarlanean atonduriko film luzeen eta dokumentalen proiektuen gidoiak idaztera bideratutako lantegia egingo dute apirilaren 10etik 12ra bitartean Tabakaleran, Blanca Escoda profesionalaren zuzendaritzapean. Martxoaren 21a arte eman daiteke izena.

europa creativa media-zinea

Ikus-entzunezko alorreko prestakuntza-tailerrak eskainiko ditu Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin lankidetzan. Otsailetik ekainera bitartean lau lantegi zehaztu dituzte, Tabakalerako Ikus-entzunezko Laborategian gauzatuko direnak.

Bada, bigarren hitzordua litzateke honakoa, gidoiaren garapen- eta idazketa-prozesuan orientazioa eman eta MEDIA deialdietarako proiektuak prestatzeko helburua izango duena. Film luze baten proiektua garatzen ari diren eta egoitza Euskadin duten gidoilariak dei egin dituzte beren proposamenak aurkeztera, eta aukeratutako 6 proiektuek bi orduko aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute (feed-back pertsonalizatua, ideiak, iradokizunak, aholku praktikoak, analisiak…), tailer honen antolakuntzak esleitutako egunetako batean (izan apirilaren 10a, 11a edo 12a).

Gaztelania izango da lanerako hizkuntza nagusia, eta parte-hartzaileek Blanca Escoda gidoilaria eta gidoi-analista izango dute gidari. Escodak (Decoding Stories-en sortzailea) Londresko Script Factoryn ikasi zuen, Lucy Scherrekin eta Linda Segerren gidoi-garapeneko tailerrean. Garapen-tailerretako aholkularia izan da Miguel Machalskirekin batera, eta Creative Europerentzat ere bai, TV Series Laben (Hanburgo) eta NEMen (Kroazia). Europako hainbat zinema-jaialditan epaimahaikide izan da, eta hainbat laguntza-batzordetako aholkularia ere bai, hala nola Valentziakoan. Gainera, Kataluniako Zinema Akademiako Hautaketa Batzordeko kidea ere izan da.

Izen-ematea

Proiektuak martxoaren 21a baino lehenago aurkeztu behar dira Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoko posta elektronikoan (a.gonzalez@europacreativaeuskadi.eu). Izen-ematea egoki gauzatzeko, ondorengo dokumentu sorta galdegin dute:

  • Izen-emate formularioa 
  • Orrialde bakarreko sinopsia.
  • Loglinea
  • 10-15 orri inguruko tratamendua, eskuragarri baldin badago, elkarrizketa duten 2 edo 3 eszena eta/edo eskaleta.
  • Partehartzaileen CVa.
  • Ekoizlearen CVa eta ekoiztetxearen bilakaera.
  • Irrati-difusioko erakundeekin izandako hitzarmenei, filmak jasotako laguntzei eta bestelakoei buruzko informazioa.