Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren bigarren film luzearekin agurtuko dute 2024ko zinema jaialdia, apirilaren 13an. Un impulso colectivo Curts sailean hainbat euskal film labur lehiatuko dira.

D'A Festival-zinea

Apirilaren 4tik apirilaren 14ra bitartean ospatuko dute zinema independentea oinarri duen D’A Festival de Cinema de Barcelona jaialdia, eta arduradunek jakinarazi dutenez, Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren Nina film luzeak itxiko du 2024ko edizioa. Ospatu berri duten Malagako Zinema Jaialdian ikusi du proiektuak argia, eta Kritikaren Epaimahaiaren Sari Bereziarekin aitortu dute.

José Ramón Fernandez antzerkigilearen izen bereko obraren egokitzapen librea da Nina, bere bizitza suntsitu duen gizonaz mendekatzeko hezi izan zen kostaldeko herrira itzultzea erabakiko duen emakume bati buruzkoa; Patricia Lopez Arnaiz Goya sariduna eta Dario Grandinetti ditu aktore nagusi. Jaurrieta hitzetan, filma “thriller bat da, emakume western garaikide bat; non iragana eta oraina mendeku istorio batean batzen diren”. Nina apirilaren 13an pantailaratuko dute, maiatzaren 10ean Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu aurretik.

Bartzelonako zinemaldiak oraindik ez du nazioarteko lanen behin betiko zerrenda argitu, baina amua bota die zinemazaleei, ikusgai izango diren zenbait filmen berri emanez. 2023ko Cannesko Zinemaldian parte hartu zuten Kuru Otlar Üstüne (Nuri Bilge Ceylan) film turkiarra, Eureka (Lisandro Alonso) argentinarra eta Le retour (Catherine Corsini) frantziarra, zein Locarnon film onenaren Urrezko Lehoinabarra saria irabazi zuen Critical Zone (Ali Ahmadzadeh) iraniarra egongo dira ikusgai.

Film laburren sorta

Autore zinemaren topagune bilakatu ohi da urtero D’A festibala, eta euskal ekoizpenek tartetxoa izan ohi dute, batez ere film laburrei eskainitako Un impulso colectivo Curts sailean. 14. edizioko egitarauan Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Contadores (Irati Gorostidi), Ximinoa (Itziar Leemans) eta Krutxalteatik Uronarat (Marina Lameiro eta Uztarrozeko biztanleak) sartu dituzte.

Sagardoyren lanak Nerea Ibarzabalen gidoia eta Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa ditu. Elena Irureta eta Miren Gaztañaga dira Betiko gaua-k aktore nagusiak, ama-alaba protagonistak haragituko dituztenak: batak bestea jarraituko du errepidean zehar, eta autoak gasolindegi batean geldituko direnean iradokiko zaigu ihesaren zergatia. Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregiren konposizio musikatuak jantzitako obra, 65. ZINEBIn aurkeztu zen, eta nazioartean hainbat sari pilatu ditu, besteak beste, Epaimahaiaren Aipamen Berezia, IBIZACINEFESTen, eta La Otra Mirada lehiaketako Epaimahaiaren saria Medina del Campon.

Gorostidiren Contadores lanak hausnarketa, eta erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzailea ditu ardatz. Militante libertario talde batek 1978ko gau bat panfleto bat inprimatzen igarotzen du. Gipuzkoako metalaren hitzarmena laster berrituko denez, borrokarekin jarraitzeko beharra defendatu dute. Transkribatzen eta inprimatzen duten bitartean, harreman pertsonalei buruz hausnartzen dute eta komunitateko bizitzari buruz espekulatzen dute. Hurrengo egunean, lantegiaren sarrerako atondoan, asanbladan biltzen dira lankideekin, lan-baldintza hobeen alde borrokatzera animatzeko. Baina langile-mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari da, eta horrek behin izan zuten boterea kendu die, beren proiektu politiko erradikala garrantzirik ezera baztertuz. KIMUAK 2022 hautaketaren parte izan da Contadores, eta besteak beste Cannesko 62. Semaine de la Critique sailean lehiatu da.

Leemansen Ximinoa-ri dagokionez -Senpereko Gastibeltza Filmak eta Bilboko Al Borde Films etxeen arteko koprodukzioa da-, KIMUAK 2023 bilduman aukeratu zuten, eta 65. ZINEBIn Euskal Zinemaren Sari Nagusiarekin aitortu zuten; Huhezinema Saria irabazi du ere, jaialdiaren 17. edizioan. Euskaraz eta frantsesez egindako fikziozko lan honetan, Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu.

Azkenik, Uztarrozeko biztanleekin batera ondu du Lameirok Krutxalteatik Uronarat film laburra. II. Nafarroa Shortzinema katalogoaren parte izan ostean erakutsiko dute D’A festibalean. Jarraian lanak kontatuko duena: Krutxaltea eta Urona iturrien artean Uztarroze herria dago. 2022ko udara arte, bertan 3 film filmatu ziren, herritarrek parte hartu gabe. Zinemagile bat gonbidatzen dute herrira, errealitate horri buruz proiektu bat egitera, eta uztarroztarrei proposatzen die denen artean laugarren film bat egiteko, eta haiek erabaki dezatela beren burua nola irudikatu.