Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko bost tailer prestatu dituzte. Bizkaia Aretoan gauzatuko dira, eta erreferente diren sortzaileek gidatuko dituzte, tartean, Eneko Sagardoy aktore eta zinemagileak.

Euskal kulturaren transmisioa sustatzeko xedez, 16 eta 29 urte arteko gazteek gai monografiko bat lantzeko aukera izango dute Sormen Ola egitasmoa baliatuz, hainbat diziplina artistikoetako profesional bidelagun.

Programa hilean behin egingo da, larunbat goizetan eta saio trinkoen formatuan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Hala, hitzorduak monografikoak izango dira,  5 orduko iraupena izango du bakoitzak, eta parte hartzeko ez da esperientzia berezirik behar. Bada, azarotik apirilera bitartean, sormenaren hainbat alor jorratuko dira bertan: arte-eszenikoak, musika, narrazioa, ikus-entzunezkoak eta umorea.

Zinemagintza eta interpretazioaren arloari dagokionez, Eneko Sagardoy aktore eta zinemagileak, bere esperientziatik abiatutako hausnarketak partekatuko ditu, sormenerako bidearen xehetasunak arakatuz.

Izan ere, sorkuntzan murgilduta dago buru belarri. Aktore lanetan hasi zen ETBn eta euskal teatrogintzan. Bide horretan, Handia filmean egindako protagonistaren interpretazioak ekarri zion nazioarteko ospea

Geroago, itzal handiko beste filmak, serieak eta teatro-lanak etorri dira. Horrez gain, laburmetraia baten gidoia idatzi eta zuzendu du. Euskal sorkuntzaren paisaian ezinbesteko sortzailea da.

Martxoaren 9an egingo dute hitzordua, 9:30etik 15:00etara, EHUren Bizkaia Aretoan. Ekitaldiak 15€ko prezioa izango du, eta Loraldia egitasmoaren webgunean eskuratu ahalko da sarrera. Lorazainek eta baita EHU/UPVko Bizkaiko Campuseko ikaslek eskaintza berezia izango dute.

Ikusi xehetasunak, hemen.