Isabel Herguerak zuzendutako ‘Sultanaren ametsa’ filmak Animaziozko Film Onenaren golardoa eskuratu du The Brussels Animation Film Festival jaialdian. Nazioarteko bidean sendo ari da zinemagile donostiarra.

 

Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian Hergueraren Sultanaren ametsa opera primak, eta Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu den lehen animaziozko film europarra izan da.

Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra du filmak protagonista. Ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko du, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.

KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune

Zinemagile eta artista bisual donostiarrak hainbat teknika erabiliz sortu zuen lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste, eta bost hizkuntza (euskara, espainiera, italiera eta Indiako hainbat hizkera) entzuten dira filmak uztartzen dituen hiru istorioetan zehar. Era berean, nabarmentzekoa da lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak direla: Miren Arrieta eta Mireia Gabilondo aktoreak eta Mary Beard historialaria, besteak beste. Haiekin batera, Paul B. Preciado filosofoa edota Maurizio Faraoni;, Tajdar Junaid soinu bandaren egilea, edota Moushumi Bhowmick poeta bengaliarra.

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan, Sail Ofizialaren abaroan, aurkeztu zuen lana, eta baita Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi ere. Ordutik, nazioarteko bideari ekinda aritu da, filma han eta hemen aurkeztu, eta mundu osoan zehar errekonozimendua jasotzen.

Bada, Brusela aldetik heldu zaizkio azken berri onak Hergueda zuzendariari: The Brussels Animation Film Festival jaialdiko Animaziozko Film Onenaren golardoa eskuratu berri du,  otsailaren 23tik martxoaren 4ra ospatu berri den 43. edizioan.

ZORIONAK!