Bigarrenez, Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak zuzenduko dituzte galak, eta ZABALA eta J Martina artistek girotuko dituzte, hurrenez hurren. Batean zein bestean, “kameraren atzean dauden pertsona horien guztien dibertsitateari, konpromisoari eta lanari balioa” emango zaie.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10etik 17ra bitartean ospatuko du 65. edizioa, eta iaz gertatu bezala, aurten ere Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute irekiera-ekitaldia; baita itxierakoa ere. ZABALA musikariaren “giro elektronikoak” emango dio hasiera festari, aldiz, J Martinaren “moldakortasun artistikoa”-rekin bukatuko dute. Batean zein bestean, “kameraren atzean dauden pertsona horien guztien dibertsitateari, konpromisoari eta lanari balioa” emango zaie.
Horrela azaldu dute ZINEBI jaialdiko arduradunek: “Ikusezin bihurtutako sorkuntzari ahotsa ematea, lanbideak ohoratzea eta komunitatean ospatzea dira Bilboko bi sortzaileek gala parte hartzaile eta hunkigarri horietarako dituzten proposamenetako batzuk. Bertan, ‘arte hau posible egiten duten eta kalitatezko zinema aske baten alde lan nekaezina egiten duten pertsona guztiei balioa eman’ nahi diete”. Gaineratu dutenez, bi ekitaldiotan Nerea Torrijos jantzigileak, Nitya López zuzendari eta gidoilariak, Ane Gabarain aktoreak, Compañía X eta Unai Izquierdo aktoreak protagonismoa izango dute.
Ekitaldietan entzumen arazoak dituzten pertsonentzako bi sistema ahalbidetuko dituztela adierazi du jaialdi bilbotarrak, “desgaitasunak dituzten pertsonei kulturarako sarbidea errazteko”: bata soinu anplifikatukoa; bestea, begizta magnetiko indibidualekoa, agertokian egingo diren ikuskizunez argi eta garbi gozatzeko aukera izan dezaten. Irekiera-ekitaldian, gainera, ONCEren elkarlanari esker, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei agertokian gertatzen denari buruzko soinu-informazio indibidualizatua helarazteko. Bestalde, Eskuaire Komunikazio Bitartekaritzarekin elkarlanean, zeinu-hizkuntzaren interprete bat egongo da itxiera galan, azaroaren 17an.
Euskal proiektuak eta omenduak
Azaroaren 10ean Arriaga Antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren baitako zazpi euskal ekoizpen (edo koprodukzio) proiektatuko dituzte: Agrio (David Perez Sañudo, 2023), Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023), In a Nearby Field (Laida Lertxundi eta Ren Ebel, 2023), Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023), La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023), Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023). Gainerako nazioarteko proiektuekin batera, jaialdiko sari nagusia (7.000 euro) eskuratzeko aukera izango dute.
Aurretik, baina, Frederick Wiseman dokumentalista estatubatuarrari eta Félix Linares kazetari bilbotarrari Ohorezko Mikeldiak emango dizkiete. Azaroaren 17ko amaiera-ekitaldian jasoko du Rita Azevedo Gomes zinemagile portugaldarrak hirugarren aitortza nagusia.