Kumjana Novakovak Balkanetako gerra odoltsuan tortura eta bortxaketa sistematikoen biktima izan ziren emakume musulmanen lekukotzekin eraiki du bere obra, Gazte Epaimahaiaren Saria ere jaso duena.

Punto de Vista 2024-palmaresa-zinea

Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiak agur esan dio 18. edizioari. Martxoaren 11n ekin zioten hitzorduari, Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz filmaren estreinaldiarekin, eta iragan larunbatean (martxoaren 16an), sari-banaketa ekitaldiarekin batera itzali zituzten Iruñeko Baluarte jauregiko eta hiriko gainontzeko egoitzetako pantailak.

15 herrialdetatik aukeratutako 23 lanek osatu dute sail ofiziala, eta horietatik 20 izan dira sari nagusien lehian (12 film luze eta 8 film labur). Ruth Somalo zinemagile eta komisarioa, Jorge Villacorta arte kritikaria eta Ainara Elgoibar artista bizkaitarra arduratu dira denak ikusteaz, eta Silence of Reason (Kumjana Novakova) saiakera filmikoari eman diote pelikula onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, baita Epaimahai Gaztearen Saria ere. “Lehen aldiz bortxaketa-delituak tortura-modu gisa, eta sexu-esklabotza gizateriaren aurkako krimen gisa hartzen dituen filma” dela nabarmendu du epaimahaia ofizialak: “Tokian tokiko indarkeriaren geografia agerian uzten du, unibertsalera jotzen duena, eta, ezinbestean, orainera eta gaur egungo gerretara garamatza, Ukrainan eta Gazan gertatzen ari den bezala”.

KRITIKA | Silence of Reason (Kumjana Novakova)

Jean Vigo Saria, zinemagile onenari eskainitakoa, Messaline Raverdyk jaso du, Ôte-toi de mon soleil zuzentzeagatik. “Messaline zuzendariaren eta Joseph protagonistaren arteko ikaskuntza-prozesu eskuzabala eta konprometitua gauzatzen du, non ordena eta desordena oreka-puntu berezi eta preziatua aurkitzen baitute, bai bizi-mailan, bai zinemagintzan”. Bada, epaimahaikideek adierazi dute, “zenbait mekanismo mentalen jatorria indarkeria” dela erakusten duela, baina “baita sistemikoa ere, pentsamendu konplexu dibergentean edertasuna dagoela, elkarren zaintza alderdi politikoaren eremu bat dela eta, azken finean, guztiok behar bera dugula: maitatzea eta maitatzea”.

KRITIKA | Ôte-toi de mon soleil (Messaline Raverdy)

Film labur onena, aldiz, Daniel Cortés Ramírezen Avalancha izendatu dute: “Kolonbiako historia eta biolentzia etengabean zehar egindako bidaia sentsoriala da, soinu-diseinu apartaren erritmoan eraikitakoa. Dolu kolektiboa adierazpide eta erresistentzia-arma gisa proposatzen duen obra da; edizioari dagokionez, ezarritako iruditeria gainditzen duen artxiboko-materialen bilketa kolektiboa”.

KRITIKA | Avalancha (Daniel Cortés Ramírez)

Epaimahaikidek Aipamen Bereziarekin aitortu dute La rivière (Dominique Marchais) filma, eta Julieta Seco (Corazón embalsamado) zinemagilea. Bestalde, Ikus-Entzuleen Sari Bereziaren onuradun izan da El canto de los Años Nuevos (Alexander Cabeza Trigg).

KRITIKA | La rivière (Dominique Marchais) eta El Canto de los Años Nuevos (Alexander Cabeza Trigg)